Joan den urrian Xabier Basurko Ulazia joan zitzaigun Aitarenera. Pena handia. Pena handia bere gertukoentzat, nola ez, baina , pena handia baita ere berarekin harremana izan genuenontzat, bera ezagutzeko aukera izan genuenontzat, izan apaiz moduan, izan irakasle eta jakintza izugarrizko pertsona moduan, baina, oroz gain, eta horren guztiorren gainetik, bere giza mailari dagokionean.
PIO XII.eko nire Ikasketetan Sakramentuak eta Liturgia ikasgaietan irakasle izan nuen. Lehenengo ikasturtean bertan banuen jada bere berri. Karisma eta erakarmen handiko pertsona zen berau; eta berehalakoan, izan liburutegian, izan pasilloetan, zein idazkaritzan tramiteren bat egiten ari nintzela, sarri topatu eta, berandu gabe, hasi nintzen nire lehenengo hitz aspertuak berarekin izaten. Gerora, bigarren mailatik aurrera, izan nuen jada bere jakinduriaz luze eta patxadaz goxatzeko aukera bere klase ezinago aberasgarri eta interesgarrietan.
Teologiako Liturgian Doktore egin zen Erromako San Anselmo Eliz Institutu Liturgikoan. Hor baina liturgian eta sakramentuen gainean iritsiko zuen ezagutza izugarrirako ibilbidea baino ez zuen hasiko. Gogoratzen dut nola behin bere klase erdian, Historia de la Liturgia izeneko bere liburu aberats, sakon eta mardula zela-eta, galdetu nion ea nola jakin zezakeen halako liburutzar bat egiteko adinakoa, eta berak, goxo, apal eta irribarretsu, ohi bezala, zera baino erantzun ez: “bizialdi oso bat horretara emana, bizialdi oso bat”.
Berarengan beti zera egin izan zait deigarri oso, emateko, kontatzeko eta irakasteko zituen jakintza eta gaitasuna, bateko, eta, besteko, horren kontrastean, zein apala zen bere jarrera, zein gertukoa zen eta lasai-lasai pasatzekoa, “horrela ez balitz bezala” jarduteko zuen moldea. “Bizi-aldi oso bat horretara emana” esaldiak ondo asko ematen du aditzera berarengan, bere baitan, suertatutakoa; fedeak eta jakin-goseak berarengan egin zuten erro eta sustrai. Fedea zuen bultzagarri, bistan zegoen: liturgia, sakramentu eta horien baitako indar eta misterio sinbolikoaz zer-nolako miresmen eta maiteminez hitz egin zuen ikusi besterik ez zegoen, aurkikuntza pertsonal horiek zer-nolako konbentzimenduz eta kutsakortasunez nahi zituen partekatu ikasleokin, gurekin, ikusi besterik ez zegoen.
Jakin-gose ezin asezkoa zuen. Hor ere bere fedearen bulkada zen nabari. Bizialdi osoko ezagutza zuela ere, bere hirurogeita hamar taka urteetan ondo sartuta ere, gazte hasi berriaren irrika eta gogo bizia zuen. “Bizialdi oso bat” inondik ere ez zitzaion zamatsu egiten. Gure fedearen muina izan behar duen liturgiaren ikertze eta horren aldezpenera emana zuen bere bizialdi osoa. Hor zegoen berari aitortu beharreko ekarpen handia, nahiz-eta berak inongo merezimendurik onartu ez.
Bizialdi osoa liturgiari emana eta, Xabierrek zer-nola jarduten zuen ikusita, zera ere esan genezake, liturgiak ere berari bizialdi oso bat emana ziola. Argi utzi zigun Xabierrek, liturgiak, liturgia izango bada, bizia eta bizigarri izan behar duela beti, eta ez gertakari hila eta loarazle. Berarengan deskribatu dudan bitasun hori berori (jasotakotik duena, fedea alegia, batetik, eta, emandakotik daukana, bestetik, berak egindako ahalegin ezin eskertuzkoa fededunok gure liturgia-ospakizunak sakon eta espiritualago bizi ditzagun) da liturgiaren beraren ezaugarri nagusienetako bat aldi berean. Antoine de Saint Exupéryren esana bereganatuz, Xabierrek zioen moduan, “Ezin duzu ezkurra goizean erein, arratsaldean haritz baten itzalean etzango zaren esperantzaz”. Liturgian ez dagoela automatismo magikorik esango digu horren harira. Baina, horrekin batera, zera ere aitortuko digu, liturgiak baduela bere barne indarrik, gizakiaz gainekorik, gizakiak bihotza irekitzen baldin badio. Bi aldeek egin behar dute bat: liturgiak duen eragin eta fruitua, batetik, eta hartzailearen harrera eta bihotz zabaltzea bestetik, ondo jakinda beti hartzeak zor ematea duela.
Artikulu honen luze-zabalak honaino ematen dit. Bere omenez idatzitako lerro xume batzuk baino ez dute izan nahi izan honako hauek. Nik uste, zorretan nintzela, zorretan ginela, eta oso-osorik ez bada, hein batean bederen lortu badut, poztuko nintzateke. Bere ekarpenak hain ugariak, sakonak eta aberasgarriak izaki, ea hurrengoren batean beraietariko batean oinarri harturik, zer edo zer ote dudan hona ekartzerik. Orain, bukatze aldera, inori lerro hauen bitartez esandakoaren harira, bere ekarpen teologiko zabaleko zer edo zeren berri jakiteko arra piztu baldin bazaio-edo, hona hemen bere liburu interesgarriren batzuen izenburuak: Para vivir el domingo (EDV, Estella 1993), La eucaristía ¿nos educa en la fe? (CPL, Barcelona 1995), Para comprender la eucaristía (EDV, Estella 2003), Historia de la liturgia (CPL, Barcelona 2006), Jacinto Argaya, Diario del Concilio (Idatz, Donostia 2008), Veinte estudios sobre el culto y la cultura (Idatz, Donostia 2010), Liturgia ulertu eta bizi (PAX argitaletxea, Lazkao 2010)…
Goian bego Xabier!
Eskerrikasko lehen Igor,
Xabie Basurko buruz duzun iritsia denokin banatzeagatik.
Gogoa sortu zait bere liburua “Historia de la liturgia” kuxkuxeatzeko. Irakurri, ausnartu eta neregan sortzen duen ezagutza barneratzea.
Aberasgarria izango zen zurekin eta beste batzukin iritsia, gogoetak banatzea.