HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 9

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutenean, Jesus Galileara joan zen eta Jainkoaren Berri Ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta hurbil da Jainkoaren erregetza. Bihotzberri zaitezte eta sinetsi Berri Ona». Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotzean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek hau esan zien: «Zatozte nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Haiek berehala sareak utzi eta jarraitu egin zioten. Aurrerago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sareak konpontzen ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien Jesusek. Haiek, beren aita Zebedeo mutilekin ontzian utzirik, Jesusen ondoren joan ziren.

Markos 1, 14-20.

Testu honek gure erlijioaren, gure fede-moldearen ezaugarri garrantzitsu bat jartzen digu agerian. Jainkoaz hau edo beste esan aurretik, aitortu aurretik, Berarengan harreman pertsonalerako aukera ikusten dugu. Harremana berezia izango da, nola ez, baina Jainkoaren eta gure arteko harremana, Jainkoaren eta nor bakoitzaren artekoa, zerbait zin-zinez erreala dela gure sinesmenaren muin-muinean dago.

Jainkoaren Semea benetan gure arteko bat izatera ailegatu izanak eraman behar gaitu, ezinbestean, harreman delako hori zerbait intimo bezain pertsonaltzat jotzera.

Gaurko irakurgaian ezin argiago ikus dezakegu ideia  hori. Ekialdeko erlijioetan gertatzen ez den bezala, Jainkoak geure izenez deitzen digu Berarengana, aurrez aurre eta geure izenez, gu garenak garela, eta garen modukoak garela. Simoni, Andresi eta Santiagori, beren izenez eta beren inguruabarretatik deitu zien bezalaxe, deitzen digu egunero Jainkoak.

Hori aintzat hartuta, zera aitortu  behar dugu, gure erlijioak ez digula luzatzen ezein jakinduria abstraktu; bizitzatik bertatik mintzo zaigu Jesus, bizitzatik eta bizitzaz blaiturik. Norberari bere bizitzaren baitatik hitz egingo dio. Aurrerantzean, batetik bizitza eta bestetik Jainkoarekikoa bereizterik ez da egongo. Jesus izan genuen horren eredurik ezin beteagoa, Berak eraman zuen-eta giza bizitza bere betera. Aurrerantzean, eta Jesus bekoz beko eta geure bizitzatik mintzo zaigun aldetik, bizitzan eman diezaiokegun baiezkoaren bultzadak are txertatuago, are lotuago, egotera eramango gaitu.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude