HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 8

Aldi hartan, Jesus Galileatik Jordanera etorri zen Joan Bataiatzaileagana, honek bataia zezan. Joanek, berriz, ez zion utzi nahi eta honela esan zion: «Ni naiz Zuk bataiatu beharrekoa, eta Zu al zatoz nigana?» Jesusek erantzun zion: «Utzi oraingoz; horrela bete behar baitugu Jainkoak nahi duen guztia». Orduan, Joanek utzi egin zion. Jesus, bataiatu eta berehala, uretatik atera zen. Horretan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen uso-irudian jaisten eta bere gainera etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; hau dut atsegin».

Mateo 3, 13-17.

Berriro gaur Jesus gailentzen zaigu irudi nagusi bezala. Jesusen bataioa Mateok bi aitormen nagusiren erdian kokatzen digu. Aurrena Joanen aitormena: “Ni naiz Zuk bataiatu beharrekoa”. Hitz gutxitan ezin gehiago esan. Beste erromatar hark bezala: “Ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko”. Hitz laburrak bai, baina barne bizipena argi adierazten dutenak, harriduraz beterik gainera: “Zu al zatoz nigana?” Galdetu Joani nor den Jesus.

Eta bataio ondoren Jainko Aitaren aitormena: “Hau da nire Semea, nire maitea; hau dut atsegin”. Galdetu Jainko Aitari nor den Jesus.

Jesusen bataioa une erabakior gertatzen da bai Jesusentzat, bai Joanentzat, eta bai Jainko Aitaren asmoentzat. Hemen hasten da Jesusen bokazioa. Hemen hasten da Erreinuaren eraikuntza.

Konturatuko bagina noren aurrean gauden!

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude