HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 6

Jesus Judeako Betleemen jaio zen Herodes erregearen garaian. Aldi hartan Mago batzuk etorri ziren sortaldetik Jerusalemera, galdezka: «Non da jaioberria den juduen erregea? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta hura gurtzera gatoz». Berri honekin larritu zen Herodes erregea, eta Jerusalem osoa harekin batera. Orduan, apaizburuak eta lege-maisuak bildurik, Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien. Haiek erantzun zioten: «Judeako Betleemen honela idatzi baitzuen profetak: “Eta zu, Judako Betleem ez zara, ez, Judako hirietan txikiena; zugandik aterako baita buruzagia, Israel nire herriaren errege izango dena”». Orduan Herodesek, Magoei isilka dei eginik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Ondoren, Betleemera bidali zituen, hau esanez: «Zoazte, eta jakin arduraz haurraren berri, eta, aurkitzean, esadazue, ni ere gurtzera joan nadin». Haiek, erregeari entzun ondoren, joan ziren. Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri zitzaien, haurra zegoen lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusi zutenean, berealdiko poza hartu zuten. Etxean sarturik, haurra ikusi zuten, Maria bere amarekin, eta, ahuspezturik, gurtu egin zuten. Ondoren, beren kutxak irekita, erregaluak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra. Gero, Herodesengana ez itzultzeko albistea ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren lurraldera.

Mateo 2, 1-12.

Jesusen aurrean jarri eta “Nor da hau?” galdetzera derrigortuak gaude. Eta gaurko Ebanjelioak eta irakurgaiek ere horretara garamatzate.

Nor zaitugu, Jesus? Munduaren argia, herrialde guztiak ilunpetatik aterako dituen argia, Isaiasi jarraituz.

Nor zara Zu, baina? Bilaketa guztiak baino haratago kokatzen den Jaio berria; juduen erregea, Mesias, Israel herriaren erregea… titulu guztiak gainditzen dituen txikitasuna.

Noren aurrean gaude? Gurtzea merezi duen bakarraren aurrean; bizitzako bilaketa eta bidaia luzeari betetasuna ematen dionaren aurrean, Simeonek bezala “orain zure morroia bakean joaten utz dezakezu” esateko gogoa pizten duena, norberak inoiz pentsa zezakeen baino bedeinkazio handiagoz blaitua ikusten duelako bere bizia zure aurrean.

Nor zaitut, Jauna? Emadazu magoei bezala, artzainei bezala, edo Simeon eta Anari bezala, harriduraz eta miresmenez hurbiltzea Zu gurtzera. Izan zaitez argi gure eguneroko bizian.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude