HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 5

Aldi hartan, Jesusek Galilea aldera joan nahi zuen. Felipe aurkitu zuen, eta honela esan zion: «Jarraitu niri». Felipe Betsaidakoa zen, Andresen eta Pedroren herrikoa. Felipek Natanael aurkitu zuen, eta hau esan zion: «Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zutena aurkitu dugu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek esan zion: «Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?». Felipek erantzun: «Zatoz eta ikus!» Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi eta hau esan zuen: «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?» Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean zinela, ikusi zintudan». Natanaelek erantzun zion: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako, sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu». Eta beste hau ere esan zion: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean».

Joan 1, 43-51.

Ebanjelioak testiguak, lekukoak jartzen dizkigu aurrean, argigarri, zer bizitzera deituak garen kontura gaitezen. Lehen ikasle hauen bizipenak gure bizipen izan daitezkeelako. Eta guri ere, ahoz aho, Andresek bere anaiari, Felipek Natanaeli bezala, Jesusen berria iritsi zaigu: bilatzen genuena, agindu zitzaiguna, barne-barnenetik desio genuena aurkitu dugu.

Geure aldetik oztopo, zalantza, mesfidantza edo nahi ditugun aitzakia guztiak jar ditzakegu. Gonbitea oso sinplea da: “Zatoz eta ikus!” Hurbiltzen direnei begiak irekitzen zaizkie, harriduraz betetzen dira eta aitormen eginez amaitzen dute: “Zu zara mesias, Zu zara Jainkoaren Semea”.

Handiagoak ikusiko ditugula agindu zaigu. Bai, baina has gaitezen lehenengo pausoa emanez, Jesusengana hurbilduz eta ezagutuz.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude