HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 4

Aldi hartan, han zegoen Joan Bataiatzailea bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, honela esan zien Joanek: «Horra Jainkoaren Bildotsa». Bi ikasleek, hori entzunik, Jesusi jarraitu zioten. Itzuli zen Jesus eta, jarraitzen ziotela ikusirik, hau esan zien: «Zeren bila zabiltzate?». Haiek erantzun: «Rabbi, non bizi zara?» (Rabbik «Maisu» esan nahi du). Jesusek esan zien: «Zatozte eta ikusiko duzue». Joan ziren, ikusi zuten non bizi zen, eta harekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak inguru zen. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietako bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonekin egin zuen topo lehenengo, eta zera esan zion: «Mesias aurkitu dugu». (Mesias hitzak «Kristo» esan nahi du, hau da, «Gantzutua»). Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarriz, honela esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas izenak «Pedro» esan nahi du, hau da, «Harkaitza»).

Joan 1, 35-42.

Liturgiaren asmoa edo helburua gu Jesusengana eramatea da, Jesusen jarraitzaile egitea; egunean egunekoa biziz, gure izate osoa bereganatzen joatea, gure gogo, sentimen eta borondatea Kristoren antz-irudiko bihurtu arte, San Paulok bezala, “ez naiz ni, Kristo da nigan bizi dena” esan arte.

Eta urte hasiera honetan kokatuz, gaurko pasarteak horixe irudikatzen digu, guk egin behar dugun bidea aurre ikusaraziz. Jesusengana iritsi gara norbaitek bideratu gaituelako, norbaitek bere berri eman digulako; eta ez nolanahiko berria, berri bizigarria. Eta bere aurrean jarriz, gure bihotzak eskatzen, desiatzen, irrikatzen duena azaldu diogu: Bizia izatea, maiuskulaz idazten den hori, ez dugu eta gutxiagorekin konformatu nahi. Eta Berak esan digu “zatoz”. Eta guk jarraitu egin diogu, beste inork, beste ezerk eman ezin diezagukeen bizi iturria dasta dugulako, eta oraindik izango denaren ezereza dela barrundatzen dugulako.

Bai, egia da, Bera ezagutu dugunetik, Berak begietara begiratu digunetik gure izena, izaera, historia, guztia aldatu zaigula… beste bat garela… Baina hor jarraitzen du gu, gure egunerokoan Berari jarraitu nahiz, hau guztia munduaren barnean bizi baitugu, anbiguetate, iluntasun eta gurutze askoren erdian. Behar dugu, bai, liturgiaren laguntza.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude