HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 3

Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala. Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko. Izan ere, hau agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio. Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.

Lukas 2, 21-24.

Judutar herriaren ohitura ederrenetakoak ditugu aurrean. Egiaz eskerturik bizi dira, guztia Jainkoari zor diotela jakinik, duten guztia bere opari dela jakinik. Eta eskerron hori erritu batzuen bidez adierazten dute. Lehena erdainkuntza, Jainkoaren herri direla adierazteko era, gizasemeei egiten zitzaien seinalea. Bigarrena izena ezartzea, Jainkoarena den hau nor den eta nor izango den adierazten duena. Eta hirugarrenik, jaiotzatik berrogei egunera, eskaintza. Lehen semeak (lehen fruituak bezala) Jaunari eskainiak, Jaunari itzuliak ziren, Jaunaren opari, Jaunaren dohain zirelako; zera esanez bezala: “hau ez dugu guk sortu, Zuk eman diguzu, zure oparia dugu”. Semearen ordez bi usapal eskaintzeak ez ditu gurasoen bihotzean oparituak izan diren sentimenduak gutxitzen.

Gabon-Eguberri giro honetan guk ere ezin baztertu eskerron sentimendua. Urteari hasiera eman berri diogun honetan barne barnetik eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari oparitu digun guztiagatik.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Avatar

    Halaxe gaude, eskertuta, joan den urteagatik, eta osatu behar dugun berriagatik.

  2. Avatar

    Eskerrik asko, Jexus, eskerrak ematearen garrantzia gogorarazteagatik. Gutxiegitan esaten dugu eta gehiagotan adierazi beharko genuke.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude