HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 1

Aldi hartan, artzainak lasterka joan ziren Betleemera, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakinarazi zuten haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza hauek guztiak, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenagatik; dena aingeruak esan bezala gertatu zitzaien. Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, «Jesus» ezarri zioten izena, sabelean sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Lukas 2, 16-21.

Ez dakit egun aproposa den gaurko hau ispiluaren aurrean jarri eta geure buruari nor garen galdetzeko. Baina Eliza-Amak urtea horrela has dezagula nahi du: lehenik, Jainkoaren bedeinkapen betea jasoz, Bera gurekin dugula jakinez; bigarrenik, Bereak garela jakinez, bere seme-alabak, (ez bere jabegoko esklaboak), Bere Espiritu berbera eman zaigulako; eta hirugarrenik, Jainkoa salbatzaile, bizi-emaile datorkigula jakinez, horixe baita Jesusen izena.

Urte berriari hasiera emango diogu Gabon-Eguberri giroan, artzainek bezala Jainkoa goratuz, entzuleak bezala harrituz. Eta gaurko hitz hauek guk ere ongi sakon gorde be-harko ditugu bihotzean Mariak bezala, urtean zehar mantentzeko, urtean zehar egoerak okertzen direnean, edo begirada lausotzen zaigunean nor garen gogoratzeko, norenak garen eta zer bizitzera deituak garen. Baina batez ere, itxaropena galdua dutenei itxaropen sendo bat eskaini ahal izateko. Urte berri on.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude