HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 31

Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta eginda-korik ezer ez da hura gabe egin. Hitzarengan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina izan arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta geuk ikusi dugu Haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek Hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez: Hau zen nik esan nuen Hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”». Eta Haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesukristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.

Joan 1, 1-18.

Gure Jainkoa, bizien Jainkoa da; kreatzailea da, berak sortu gaitu; sortu bakarrik ez, gurekin bat egin nahi du eta inoiz itxaropena galdu gabe deitzen gaitu.

Joan Bataiatzailea bidali zuen, Argiaren aitormen egitera, guztiek sinets dezagun… Hitza haragi egin zen, gure artean jarri zuen bizileku, baina “munduak” ez zuen ezagutu.

Munduan ahots asko entzuten dira, desberdinak; hainbat eskaintza egiten dutenak. Ahots guztiek helburu bat dute: beste ahotsak isilaraztea. Gaur egun garrantzizkoena guk besteek baino ahots ozenagoa izatea da, zarata gehiago ateratzea.

Baina Jaunaren Ahotsa desberdina da, samurra da, bihotzera zuzendua. Zuzendu egiten da eta gure izenaz deitzen gaitu. Ezagutzen al dut Bere ahotsa? Itota dabil beste ahotsen artean?

Lehen eta orain, Jainkoa munduan dago: prestatu zentzumenak, guk ere ikus dezagun, entzun dezagun Bizia den Argia!

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude