HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 30

Magoek alde egitean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora, eta egon han nik esan arte, Herodes erregea haurra hil nahian ibiliko baita». Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama gauez eta Egiptora joan zen. Han egon zen Herodes hil arte. Horrela bete zen Jaunak profetaren bidez esandakoa: «Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari». Herodes hil zenean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri Egipton eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelgo lurraldera, hilak baitira haurrari bizia kendu nahirik zebiltzanak». Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama, eta Israelgo lurraldera itzuli zen. Baina, Herodesen ondoren, Judean errege haren seme Arkelao zegoela jakinik, beldur izan zen hara joateko. Eta, ametsetan albistea harturik, Galileara jo zuen. Hara iritsi zenean, Nazaret deritzan herrian gelditu zen bizitzen, profetek esan zutena bete zedin: «Nazaretarra deituko diote».

Mateo 2, 13-15. 19. 23.

Jesuren Haurtzaroaren Ebanjelioak deituriko idatz-zati baten aurrean gaude; ebanjelio kanonikoetan Mateo eta Lukasenean baino ez ditugu topatuko, adituek diotenez, bere horretan gertaera historikoekiko fideltasunagatik bainoago, barnebiltzen duten mami teologikoaren sakonagatik garrantzitsuak direnak, Pazko argitik geroko sortuak eta aipatu ebanjelioen kontakizunetan txertatuak, integratuak eta guregana halaxe iritsiak.

Espirituaren, Hatsaren berritasuna, energia, justizia, bakea, freskotasuna, indarra, itxaropena, are ausardia, jaio orduko (Nazareteko Jesu Haurra) ito nahi izaten dituzten garai guztietako Herodesen aurka ohartarazi egiten gaituen testua dugu, nire irudikoz. Herodesena lako espiritu hits eta agorraz begiratzen, eragiten al diot bizitzari, errealitateari, nonoiznahi sor litekeen ‘eguberri’ xume oro itzal eta hiltzen, ‘errealismo’aren izenean apika nire burua engainatuz, ala Joseren antzera, biziaren aldeko bokazioari, deiari (aingerua) jaramon eginez fedez, bizi-gar hasieran ahul eta indargeari nire burua engaiatuz maitasunez hauspoa emanez?

Abba-ri eskari: nahiz bidean, aurrean, zailtasun ugari ageri, ez dakidala/dakigula beldurra guztiz nagusi(tu) niri/guri, edozein kasutan, beldurretan, nire/gure Galilea topatu ahal dezadan/dezagun eman argi! 

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude