HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 29

Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaionean, gurasoek Jerusalemera eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela dago agindua Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini behar zuten: «Bi usapal edota bi usakume». Bazen Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen, eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zen. Legeak agintzen zuena betetzeko gurasoek Jesus haurra tenplura eraman zutenean, Simeonek haurra besoetan hartu eta Jainkoa bedeinkatu zuen, honela esanez: «Orain utz dezakezu, Jauna, zeure morroi hau bakean hiltzen, Zeuk hitzeman bezala. Ikusi dute nire begiok zugandiko salbamena, herri guztien aurrean Zuk aurkeztua: nazioak argitzeko argia eta zure herri Israelen ospea». Haurraren aita-amak harriturik zeuden haurraz esaten zirenekin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituen, eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, israeldar asko erortzeko eta beste asko altxatzeko ipinia dago hau; eztabaida sortzen duen ezaugarri izango da, horrela bihotz askotako asmoak agerian geldi daitezen. Eta zuri ezpata batek aldez alde zulatuko dizu arima».

Lukas 2, 22-35.

Mundu honen izateak, argi-ilunen artean irautea du; gutariko bakoitzaren barruan ere, batzuetan argiak du indarra, baina baita noiz behinka iluntasunak erakusten du bere izatea. Horixe da Simeonen egoera: itsutasunaren erdian, argiaren begirale izan zen.

Negu ilunaren erdian, egun argitsuen zain gaude, Gabon jaien erdian gogoan hartzen dugu gizakion bizipen nabarmena.

Bihotz barrenean sortuko ote zaigu konfiantza izpi berriren bat?
Simeonen esperientzari belarri prest eginik esan dezakegu:
Gabon jaien erdian, Jainko samurtasuna etxeko egin zaigu, maitasuna oinarriarekin.
Saminaren iluntasunak itxaropenaren ortzia ikusten du.
Ilunpearen goibeltasunak argi dirdai batek urratu ditu.
Biziari begirune lohia, begirada itxaropentsuak alboratzen du.

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude