HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 28

Magoek alde egitean, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora, eta egon han nik esan arte, Herodes erregea haurra hil nahian ibiliko baita». Jaiki zen, beraz, Jose, hartu zituen haurra eta ama gauez eta Egiptora joan zen. Han egon zen Herodes hil arte. Horrela bete zen Jaunak profetaren bidez esandakoa: «Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari».Orduan, Herodes erregea, Magoek engainatu egin zutela oharturik, biziki haserretu zen, eta Betleemen eta inguruetan bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindu zuen, Magoek adierazitako denbora kontuan harturik. Honela bete zen Jeremias profetak esana: «Oihua entzun da Raman, negar eta aiene ugari: Rakel ari da, bere haurrengatik negarrez; ez du kontsolatu nahi, ez baitira bizi».

Mateo 2, 13-18.

Zeinen gogorra egiten den gaurko Ebanjelioa. Gabon-Eguberri jai pozgarrien erdian egunkaria irakurtzea bezala. Gerra hotsak, hilketak, errugabeak, haurrak, iheslariak, errefuxiatuak… boterea, neurrigabeko bidegabekeriak…

Tamalez egunerokoa, tamalez oso geurea.

Eta ezin begiak itxi, eta are gutxiago gure bihotz-barnea. Jainkoak ere ez ditu itxi, baizik eta mundu honetan gorpuztu da, ez beste mundu hobeago batean. Gure mundu eta historia bere egin du. Gure guztia axola zaiolako, Rakel guztiek babesa eta bizia izan dezaten, errugabe guztiek jakin dezaten Jainkoa beraiekin dutela. Negar eta aieneak ezerezean gal ez daitezen, galtzaileek jakin dezaten Jainkoa beraien aldeko apustua egiten ari dela, eta ez nolanahikoa, baizik Bere izate osoa emanez, bere Semea bi pobre errefuxiatuen esku jarriz.

Horrela salbatzen du Jainkoak? Hori da egin dezakeen guztia? Agian guk ere behar dugu, txikian Jainkoaren handitasuna eta salbamena ikusteko gauerdiko artzain haien gaitasuna.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude