HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaAbenduak 27
Asteko lehen-egunean, Maria Magdalena Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten». Atera ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz abiatu ziren. Biak batera zihoazen lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zen. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; hau, ordea, ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.
Joan 20, 1a. 2-8.
Eguberri ondoko egun hauetan ospatzen diren santuen egunak esanguratsuak dira. Atzo San Esteban, lehen-martiria, bihar Haurtxo Errugabe Santuak, gaurkoan Joan Apostolua eta Ebanjelariaren eguna. Azken hau bi alderditik garrantzitsua, Jesusen ikaslea izan zelako batetik, eta jaso zuen esperientzia batu, idatzi eta gaurdaino zabaldu delako ere, bestela esan, ebanjelista izan zelako. Eman zuen transmisio horretatik begiratuz, alde aunitzetik izan zen berezia, baina nabarmentzekoa bere izena azaldu gabe, ‘Jesusek maite zuena’, bezala aurkezten dela, zenbaitzuen arabera gu ordezkatzen gaituelako.
Gaurko pasarte honetan, bitxia da Jesus lurperatu zuten lekua bisitatzen duen bakoitzak hartzen duen rola. Maria Magdalena, iragarlea; Pedro, gogotsua eta erabakitzailea; Juan, zuhurra eta pentsakorra, eta bere kontakizunean agertzen duen bezala, hiruetatik sinetsi zuen bakarra.
Testu honek, gutako bakoitzak horrelako egoera bizitzeko aukera eskainiko balu, nolako jarrera hartuko genukeen pentsatzera gonbidatzen gaitu. Maria Magdalenarena? Pedrorena? Joanena? Besteren bat, agian? Jesusek, irudien bidez esan bazien ere, esanda zeukan behin baino gehiagotan berpiztuko zela, baina batek bakarrik sinetsi zion. Eska diezaiogun Jesusi laguntza eta fedea. Ikusten dugunetik haratago sinesten, bere presentzia sumatzen eta momentu orotan maitatzen jakin dezagula.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments