Txiki-txikia

2022 Abe 26

Ez dakigu nolakoa zaren, Jauna.
Pentsatu eta pentsatu aritu arren,
zutaz zerbait dakigula uste dugunean,
beti harago sumatzen zaitugu,
beti agertzen zara handiago…
Atzetik ikusten zaitugu,
dagoeneko igaro zarenean,
(halaxe esan zenion Moisesi ere)
eta egia esan,
ez zaitugu zu zeu ikusten,
igarotzean gugan utzi duzun aztarna baizik.
Beti harago!
Beti handiago!

Baina Eguberrian, berriz,
txiki-txiki agertzen zara,
txikienen izan daitekeen gizaki baten modura
eta txikienen artean ere tokirik ez daukazula.
Eta esaten diguzu horrela
guretzat salbazioa etorri dela,
emandako hitza bete duzula,
esklabo egiten gaituzten indar gaiztoengandik
askatzeko indarra eman diguzula…

Ulertuko duzu, Jauna,
sinesten zaila dela.
Inguratzen gaituen iluntasuna argitzeko
non jaio izan ez duen umetxoa?
Esklabotzen gaituzten indarren askabidea
dena behar duen haur jaio berria?
Baietz esaten dugu,
txiki-txikitatik halaxe esan digutelako,
baina pentsatzen dugunean,
zure indar horrek ez du konfiantza handirik ematen;
eta pentsatu gabe jokatzen dugunean ere,
konfiantza beste gauza batzuetan jartzen dugu.

Lagundu behar dizugu, ezta?
Gure Guraso izateko,
gu benetako neba-arrebak izatea behar duzu, ezta?
Ez duzu ezer egin nahi
guk parte hartzen ez badugu, ezta?
Eskerrak ematen dizkizugu horregatik guztiagatik
zure proiektua gure eskuetan uztean
erakusten duzun guganako konfiantzagatik,
eta gure salbazioa ume txiki-txikia denez,
salbazio hori posiblea dugula dioskuzulako.

Lagun iezaguzu zuri laguntzen.
Emaguzu ezkutuan jaio zen haurraren argia,
proposatzen diguzun bidea ikusteko.
Emaguzu haur txikitxoaren indarra
zeinek bere historia txikian
eta guztiok guztion Historian
askapen-indarrak eragiteko.
Horrela, iluntasunik beltzenean ere
maitasuna,
duintasuna,
eta berdintasuna hazten direnean,
Aita-Amatzat aitortuko zaitugu guztiok
eta zure beso maitatzaileetan babestuko gara…
beldurrik gabe.

Ondo etorria,
ume txikitxoa,
Jainko ezin handiagoa.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Eguberritako otoitz ederra!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude