HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Abenduak 25

Hasieran bazen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainko zen Hitza. Hitza hasieran Jainkoarekin zen. Gauza guztiak haren bidez eginak dira, eta egindakorik ezer ez da hura gabe egin. Hitzagan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen; argiak ilunpean argi egiten du, baina ilunpeak ez zuen onartu. Agertu zen gizon bat, Jainkoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen, argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Hura ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik. Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena. Munduan zegoen eta, mundua haren bidez egina den arren, munduak ez zuen ezagutu. Bereengana etorri zen, eta bereek ez zuten onartu. Onartu zuten guztiei, berriz, haren izenean sinesten dutenei, alegia, Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien. Hauek ez dira giza odoletik sortu, ezta giza nahieratik ere, Jainkoagandik baizik. Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean jarri zuen bizilekua, eta ikusi dugu haren aintza, Aitagandik graziaz eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza. Joanek hartaz egin zuen aitormen, oihuka esanez:  Hau zen nik esan nuen hura: “Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa baitzen”  Eta haren betearen betetik guztiok hartu dugu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emana zen; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoen eta Jainko den Seme bakarrak ezagutarazi digu.

Joan 1, 1-18.

Esanahi sakoneko hitzak ez dira betidanikoak: noizbait azaleratu ziren eta ondoren garatu. Molde ezagunetan geratzen dira hitzak. Molde horiek malgutuz gero, esangura edo iradokizun berriak pizteko gaitasuna ere badute. Orduan, baliozko hitzak ez dira mugatzen ideien antolabide izatera; gehiagora iristen dira.

Onartutzat ematen da Jesusekin ulerbide berriak hasi zirela. Hari, non eta Ebanjelio honen lehendabiziko esaldian, ospea ematen zaio: “Hasieran bazen hitza”. Zer dela eta azpimarra berezi hori? Bizitzari soinu berria dakarkio, funtsezko egiak eskaintzen dituelako. Norabidea galduta dabilen edonor ahaldundu egin dezakeelako hitzak, ez soilik aldi labur baterako. Egia berez historikoa da, denboraren mugetan mamitzen doalako.

Joanen hasiera honek Jesusek zabaldutakoari mami iraunkorra aitortzen dio, denboran zehar iraungo duen balioa dela iragarriz. Ebanjelioetako hitz eta esanguren berritasunetik harago, bertoko egien garrantziaz gain, kontua honetan datza: Jesusen bizi-jarrerak norainoko gizatasunera bideratzen gaituen. Horra hor albiste ona. Zergatik? Ildo horretara jartzen denarentzat birjaiotzea izan daitekeelako.

Jesus jaio dela iragarriz, beste zerbait barneratzeko aukera dago: bizitzaren hainbat unetan behin eta berriz jaiotzen ariko dela, birjaiotzen lagunduko digulako, gizatasun berrirako oihartzuna uzten digulako. Bera zugan jaiotzen ari da zerbait baliozko suspertzen ari zaizun une berberean.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude