HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 24

Aldi hartan, Zakarias, Joan haurraren aita, Espiritu Santuaz beterik, profeta bezala mintzatu zen, esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, agertu eta bere herria askatu duena! Salbamen-indarra digu eman bere morroi Daviden etxean. Hala hitzemana zuen antzinatik bere profeta santuen ahoz: salbatuko gintuela geure etsaien menpetik, gorroto gaituzten guztien eskutik. Horrela agertu du gure gurasoenganako errukia eta oroitu da bere itun santuaz, gure guraso Abrahami egindako zinaz: berak emango zigula, etsaien eskutik askaturik, beldur gabe bera zerbitzatzea, santu eta zuzen izanez haren aurrean geure bizitza guztian.

Zuri, berriz, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute, Jaunaren aurretik joango baitzara hari bidea prestatuz, erakustearren haren herriari salbamena, beren bekatuen barkamena. Gure Jainkoaren errai errukitsuengatik, agertuko zaigu goiz-eguzkia zeru goitik, ilunpean eta Herio-itzalean daudenei argi egitera, gure oinok bake-bidean zuzentzera».

Lukas 1, 67-79.

Alperrik dihardugu Jainkoa nolakoa izango den pentsatu eta pentsatu saiatzen bagara, Jainkoa guk pentsatu ahal dugunaz bestelakoa baita beti, askoz handiagoa. Bibliaren tradizioan besterik erakusten zaigu: Jainkoa guretzat nolakoa den, Jainkoak gugan zer eragiten duen, alegia.

Bibliaren tradizioan Jainkoa herria esklabotasunetik askatzen duena da. Jainkoak salbatu egiten gaitu, gure artean salbamen indarra eraginez, bere aurrean maitasunean eta justizian bizi gaitezen. Jainkoak gure guraso izan nahi izan du hasieratik eta horretarako gu neba-arrebak izatea behar du. Bada, gaurko pasartean esaten zaigunez, Jesuse‑ngan hori guztia gauzatu da, Jainkoak bere zina bete du, alegia.

Eta kitto? Eginda dago guztia? Ez. Oraindik ere asko eta asko iluntasunik beltzenean bizi dira eta haiei argia eraman behar zaie. Joani bezala, Jaunaren Berri Ona iragartzeko eskatzen zaigu guri ere, herio-itzaletan bizi direnei gauzak bestela izan daitezkeela eta Jainkoak horixe nahi duela erakusteko, hain zuzen ere. Salbatzailea dator, ibil gaitezen berarekin maitasun, justizia eta bake bidean.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude