HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 23

Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten. Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik». Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi Zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena».

Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?». Zeren Jainkoaren eskua harekin baitzegoen.

Lukas 1, 57-66.

Sinestunoi, Jainkoa Historiaren Jauna dela esatea baino zailago, Jainkoak gure historian parte hartzen duela sinestea izan daiteke eta, gainera, gizakien alde eginez.

Gaurko Ebanjelio-pasarteak, adindutako senar-emazte batzuei seme bat emateko hitza bete duen Jainko baten testigantza agertzen digu. Isabel, antzua zena, Jainkoak mesede egin diolako ama izan da. Hau bera esan nahi du Joan izenak, “Yahvek alde duela” alegia, zeren Joan Jainkoaren oparia baita hainbesteko zintzotasunez Jaunarenganako konfiantza izan eta itxaron duen bikote horri. Aitak berak hitza berreskuratzen du Yahve-ren Espirituaren ekimena dela aitortu duenean.

Gaurko pasarteak egiten digun galderetako bat hau izan daiteke, ea guk ere sinesten dugun Jainkoak gure istorioetan parte hartzen duela. Egun hauek, ulertzekoak baino gehiago, Jainkoaren Misterioa ikusteko egunak izan daitezke, bere seme-alaben alde esku hartzea erabakitzen baitu, batez ere babesgabeenen alde, gaur Isabel eta Zakariasek ordezkatzen dituztenak. Eta zuk, ikus edo entzun dezakezu Misterio hori?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude