Mari Domingi

2022 Abe 22

Gure Euskal Herria zaharra den aldetik, bere ohiturak ere zaharrak dira. Baina belaunaldiak joan belaunaldiak etorri, borondate onez beharbada, aldatu edo eta asmatu egiten dira ohiturak. Hona hemen oraintsu asmatutako bat. Mari Domingi, txano berezidun andrazko pertsonai hau, 1994an sortu zen Donostian Olentzero izenez ezagutzen dugun jentilaren “ lagun-edo bikote” izateko eta biak bietara Gabon-opariak banatzeko umetxoen artean. Baina kronologiara bagoaz, Olentzero, On Jose Miguel Barandiaranek jasotako mitoan, kristau aurreko azken jentil-misiolari bezala dager. Mari Domingi, ordea, kristau aroko Gabon-kanta bateko pertsonaia da. “ Horra Mari Domingi…”Abesti mota horren jatorria jakiteko Italiako Siziliara jo behar dugu. Izan ere, XVII. mende aldera sortu zen kantu-mota hori eta zabalduz joan zen Siziliarik hara beste lurralde batzuetara. Gure Euskal Herrira ere heldu zen XIX. mende azkenerantz. Gabon-abesti hori R.M. de Azkuek jaso zigun XX. mendean. Argitutako guzti hau, hausnartze-biderako egokia litzateke, ahal den neurrian gure historiako ohitura zaharrei eutsiz nondik gatozen jakiteko. Eta, nora goazen? Batek badaki! Baina, asmakizunak asmakizun,  ezagutu eta  errespetatu dezagun euskaldunon ohitura jatorrez beteriko izakera aberatsa. “ Mihin bako arrana ugerrak jan” esaeran oinarrituz, eutsi euskerari eta euskal kulturari etorkizunean. Hala biz!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude