HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 20
Handik sei hilabetera, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitz- emana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi?». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.
Lukas 1, 26-38.
Ikuspegi historikotik begiratuta, Jesus mundura etortzea garrantzi berezirik gabeko gertaera izan zen; Erromatar Inperio handiaren barruan garrantzirik gabeko leku ezkutu batean gertatua; eta garrantzirik gabeko pertsonaiak protagonista izan zituena. Ez da arraroa gertaera hark inolako erregistro historikorik utzi ez izana. Bai garai hartan baita gurean ere “gizaki arruntok” beti bizi izan gara historiarako garrantzirik ez duten gertaeren korronte handiaren barruan.
Hala ere, gertaeraren berri ematen digun kontakizun ebanjelikoak beste ikuskera bat eskaintzen digu. Honela, gertakari harrigarriez betetako istorio bat eskaintzen digu, funtsezko kontraste bat agertarazteko balio duena: Batetik, gertaeren azaleko pertzeptzioa edo hautematea dugu, gugan ohikoa dena; bestetik, Fedeak ematen digun argitik eskuratutako pertzepzioa dugu, gertaeren esanahi eta zentzu sakona ulertzeko aukera ematen diguna. Bigarren ikuspegi horretatik bakarrik uler daiteke historian beste edozein gizaki arruntaren modura sartu zen Jesus benetan nor den. Eta bigarren ikuspegi horretatik bakarrik, halaber, Jainkoaren begietan bai historiak bai norberaren bizitzak duten benetako zentzu sakona.
Egira iristeko gure ikusmenak argia behar du. Hau dela eta, mundu osoan Argiaren jai gisa identifikatzen dugun Gabonetako ulermenak behar duen argia Jainkoari eskatzea Hari eska diezaiokegun Eguberri-opari egokia izan liteke.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments