HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 19

Judeako errege Herodesen egunetan, bazen Zakarias izeneko apaiz bat, Abiaren apaiz-sailekoa; haren emaztea Aaronen ondorengoa zen eta Elisabet zuen izena. Biak zintzoak ziren Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta lege guztiak huts egin gabe betez bizi ziren. Ez zuten haurrik, agorra baitzen Elisabet eta biak urteetan aurreratuak. Behin batean, Zakarias bere sailekoekin Jainkoaren aurrean apaiz-zerbitzua egiten ari zelarik, Jaunaren santutegian sartzea egokitu zitzaion, apaizen ohituren arabera, intsentsua eskaintzera. Intsentsua eskaintzen ari zen bitartean, herri osoa otoitzean ari zen atarian. Hartan, Jaunaren aingerua agertu zitzaion Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskuinaldean zutik. Hura ikustean, izutu zen Zakarias eta beldurrak hartu zuen. Aingeruak, ordea, esan zion: «Ez beldur izan, Zakarias, entzun baitu Jainkoak zure eskaria. Zure emazte Elisabetek semea emango dizu, eta zuk “Joan” ipiniko diozu izena. Poz handia izango da zuretzat, eta haren jaiotzak jende asko poztuko du, handia izango baita Jaunaren aurrean. Ez du edango ardorik, ez edari bixigarririk. Espiritu Santuaz beteko da amaren sabelean bertan. Israeldar asko bihurtuko du Jaunagana, bere Jainkoagana; Jaunaren aurretik etorriko da, Eliasen espirituaz eta indarrez, gurasoak seme-alabekin adiskidetzeko, bihurriei zintzoen sena emateko eta Jaunarentzat herri egokia prestatzeko». Zakariasek esan zion aingeruari: «Nola jakin dezaket hori gertatuko dela? Ni zaharra bainaiz, eta nire emaztea ere urteetan aurreratua». Aingeruak erantzun zion: «Ni Gabriel naiz, Jainkoaren aurrean zerbitzari nagoena; hark bidali nau zuri hitz egitera, berri on hau emateko. Baina begira, mutu geldituko zara, hitz egin ezinik, hauek gertatu artean, ez baitituzu sinetsi nire hitzak, bere garaian beteko diren hitzak». Bitartean, herria Zakariasen zain zegoen, harriturik, santutegian hainbeste luzatzen zuelako. Atera zenean, ezin zien hitz egin, eta ohartu ziren ikuskariren bat izan zuela santutegian. Bera keinuka ari zitzaien, mutu jarraitzen baitzuen. Tenpluko bere zerbitzu-egunak bukatuta, etxera joan zen. Egun batzuen buruan, haren emazte Elisabet haurdun gelditu zen; bost hilabetez etxetik atera gabe egon zen, eta bere baitarako zioen: «Hara zer egin duen Jaunak nire alde, jendearen aurrean nuen lotsa kendu nahi izan duenean».

Lukas 1, 5-25.

Abendualdiko azken txanpa honetan jai hauen kristau sena zaintzeko deia egiten digu ebanjelioak. Egunez egun Jesusen jaiotzaren narrazioetara gerturatzen gara, Haren jaiotza fedez ospatu ahal dezagun. Jainkoaren dohaina ezagutzera, sumatzera eta eskertzera garamatza gaurko ebanjelioak.

Gure bizitzan zehar jasotzen ditugun dohainek beti, une labur batez bada ere, gure egoera berritzen dute bere ustekabez. Jasotako dohaina ez baita inoiz gure egoerak berez sortu dezaken fruitua, baizik beste nonbaitetik etortzen zaiguna, beste norbaitek dohaintasunez egiten diguna. Nahiz eta dohain horren behar latzean bizi, ez da aldarrikatu dezakegun eskubidea. Ai zer nolako aldrebeskeria eta miseria, dohaina zor zaigun zerbait bezala hartzen dugunean.

Denen sorpresarako bizia eta mundua berritzen ikusten dugu Jainkoa agorra zena ama bilakatuz. Zuzentasunez horniturik, bihotz berritzearen profeta eta Jesusen aurrelaria izan dena sustatuz. Hainbesterakoa da Zakariasen ustekabea, non miresmenaz beteriko isiltasunak hartzen baitu.

Prestatu gaitezen Jesusen jaiotza ospatzeko esker onez eta miresmenez.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude