HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 18

Jesu Kristoren jaiotza honela gertatu zen: Jesusen ama Maria, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoela, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun aurkitu zen Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, isilka utzi eta joatea erabaki zuen. Baina, asmo hori gogoan zerabilela, Jainkoaren aingerua ametsetan azaldu eta honela esan zion: «Daviden seme Jose: ez izan beldurrik, Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko, sabelean daraman haurra Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ezarriko diozu izena, horrek salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Hau guztia gertatu zen, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin: «Begira, birjinak sabelean sortu / eta semea izango du, / eta Emmanuel ezarriko diote izena, / hau da: “Jainkoa gurekin”». Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean har tu zuen emaztea.

Mateo 1, 18-24.

Zenbat bikote ezagutzen ditugu bien arteko proiektua martxan hasi orduko lehenengo oztopoak gizarte antolaketarekin izaten?

Jesus, gaur egun Familia Santua deritzogun horren baitan jaio eta hazi zela esan ohi dugu. Bere garaiko gizartearen ikuspuntutik, bikote xelebre baten baitan baino ez zen jaio eta hazi. Pertsona gisa, inguru horretan bizi izan zen, Jainkoaren borondatez. Familia horretako kide izateagatik haren hitza zalantzan jarri zuten garaikideek.

Bikote hark, Mariak eta Josek, Jainkoagan jarri zuten konfiantza euren familia proiektua aurrera atera ahal izateko. Eta hori ere Jesusen gizatasunaren funtsezko ezaugarria izan zen. Baliteke, Joseren antzera, arazoei konfiantzaz aurre egiteko, lotatik esnatu behar izatea. Gaurko Ebanjelioaren arabera, ezinbestekoa zaigu iratzartzea, Jainkoa gurekin dugula nabaritzeko.

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude