HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 17

Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesu Kristoren jatorri-liburua. Abrahamek Isaak sortu zuen, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren senideak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituen, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu zuen, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea. Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu zuen, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta haren senideak sortu zituen. Eta Babiloniako erbestealdi ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, berriz, Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Beraz, hamalau gizaldi izan ziren guztira Abrahamengandik Davidenganaino, hamalau gizaldi Davidengandik Babiloniako erbestealdiraino, eta hamalau gizaldi Babiloniako erbestealditik Kristoganaino.

Mateo 1, 1-17.

Jesusen genealogiak, Mateoren ebanjelioan kontatuak, oso sakoneko funts teologikoa du, lerro labur hauetan garatzeko astirik ematen ez duena. Esan litekeen guztitik, genealogiaren mezuaren funtsezko bi ideiak hauek dira:

1.- Jainkoa Historia egin da historiaren bitartez, ez historia alde batera utziz. Jainkoa guregandik gertu egon da hasiera hasieratik eta gure bide-lagun izan da gizaldi eta gizaldietan zehar. Jesus salbamenaren historiaren gertakari algiduna da, baina salbamenaren historia ez da Jesusekin hasten. Funtsezkoa da jakitea Jainkoa historian bizi dela, historia leku teologiko bat dela, non Jainkoa agertzen den. 

2.- Jesus ez bada gizakia eta ez bada giza familiatik jaiotzen (Mateori Jesus judua zela esatea interesatzen zitzaion batez ere), ezin da gizateriaren lagun hurkoa izan, pertsona guztien lagun-hurkoa izan. Jesus gizakia delako eta gizakiengandik jaiotzen delako, Jainkoa edozein pertsonaren bihotzera irits daiteke, pertsonaren egoera edozein dela ere.

Esan bezala, Mateoren genealogiaren aberastasuna oso handia da eta barruan aurkitzen diren altxorrak benetan ederrak dira. Garrantzitsua da itsaso zabal horretan murgiltzea, baina funtsezkoa dena ahaztu gabe. 

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude