HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 16
Aldi hartan, Jesusek esan zien juduei: «Bidali zenizkioten zuek mandatariak Joani, eta hark aitormen egin zion egiari. Nik ez dut inongo gizakiren aitormen-beharrik; zuek salba zaitezten esaten dut hori. Argi-zuzi piztua eta distiratsua zen Joan, eta zuek, alditxo batez, haren argian poz hartu nahi izan duzue. Baina Nik badut Joanen aitormena baino hoberik: Aitak betetzeko eman dizkidan egintzak; nire egintza hauek egiten didate aitormen: Aitak bidali nauela».
Joan 5, 33-36.
Jesusen aurretik izan ziren hainbat profeta itsasargi modura pertsonen norabidea argitu nahi izan zutenak. Itun Zaharrak zabal hitz egiten digu honi buruz.
Joan ere argi ausarta eta disdiratsua izan zen. Iraultzailea, Jainkoaren maitasuna ezkutatzen zuten ohitura eta bizimoduak ezabatu nahi izan zituenak.
Beti daude gizartean besteen aurretik doazenak, etorkizuna eratzeko bisio berri bat dakartenak, gehiegoak dugun ikuspegitik haratago doazenak. Oraindik ikusi edo ulertu ezin dugun egiari aitormen egiten diotenak.
Ama Lurraren zainketarako kontzientzia astintzen dizkiguten pertsonak, benetazko bakea lortzeko justiziaren alde lan egin behar dugula esaten diguten pertsonak, elkarbizitzarako pertsona guztiei entzun eta aukera berriak eman behar dizkiegula aldarrikatzen dutenak, Jainkoaren begien aurrean denak berdinak garela aniztasunaren aberastasunarekin ulertarazten digutenak, errefuxiatu guztiei (nondik datozen begiratu gabe) harrera egin behar diegula esaten diguten pertsonak…
Zein dira gaur egungo profetak? Zein egitara hurbiltzen lagundu behar digute? Zein oztopo jartzen ditut nik?
Hala eta guztiz ere, bada garbi eduki behar dugun beste zerbait: Jainkoaren erreinua eraikitzeko kolaboratzaile gara, misiorako gonbita jasotzen dugu eta Espiritaren indarrak bultzatuta, umiltasunez, bere tresna bilakatzen gara. Ez da gurea misioa, berea baizik.
Jauna, lagun nazazu baldintzarik gabe zure misioan parte hartzen, nire bizitza eskaintzen zure maitasunezko erreinua eraikitzeko. Horretarako, bidaltzen dizkidazun argiak eta mezuak entzuteko gaitasuna emaidazu, ez nazazu entzungor eta itsu egoten utzi.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments