HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 15

Joanen mezulariek alde egin zutenean, Joanez mintzatzen hasi zitzaion Jesus jendeari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kanabera bat? Edota zer ikustera atera zineten? Apainjantzitako gizon bat? Apain janzten direnak eta atseginkerietan bizi direnak, errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera atera zineten, bada? Profeta bat? Baietz diotsuet, eta profeta baino handiagoa den bat. Horrentzat baitago idatzirik: “Begira, hor bidaltzen dut neure mezularia zure aurretik, zuri bidea prestatzera”. Horra Nik esan: ez da sortu amaren semerik, Joan baino handiagorik. Hala ere, Jainkoaren erreinuan txikiena, hura baino handiago da». Hori entzunik, herri osoak eta zerga-biltzaileek aitortu zuten Jainkoaren zuzentasuna, eta Joanen bataioa hartu zuten; baina lege-maisuek eta fariseuek, haren bataioa baztertuz,galarazi egin zuten Jainkoak haiei buruz zuen asmoa.

Lukas 7, 24-30.

Zenbait ohar Jainko bila ari garenontzat, Jesusen ahotan jasoak:

  1. Jainkoaren presentzia basamortuari lotzen zaio nonbait. Bakardadea, isiltasuna, barnatasuna, norbere erraietan arakatzea eta errotzea.
  2. Basamortuak, berez, ez du erantzunik ematen; basamortua testuingurua da gure erraietako galderari, barneko harrari izena jartzeko. Bizitzan, zeren bila ari garen: hori da funtsezko datua. Kanabera malgutasunaren, ahuleziaren, pobreziaren, soiltasunaren sinboloa da eta jantzi apainekin, atseginkerietan bizitzearekin eta errege-jauregiekin kontrajartzen da. Hortaz, bi proiektu: zerbitzatzea edo zerbitzatua izatea, partekatzea edo metatzea, ahulezia onartzea edo gotortzea, bizitza zabaltzea edo ixtea.
  3. Pertsonak dira Jainkoaren presentzia pribilegiatua. Pertsonengan Jainkoak topo egiten du gutariko bakoitzarekin. Giza harremanetan identifikatu (bereizi) behar dugu Jainkoaren gogoa eta bideak zeintzuk diren.
  4. Pertsonarik handiena ezin dezakegu absolututzat hartu, ezin dezakegu jainkotu, “Jainkoaren erreinuan txikiena, hura baino handiagoa baita”.
  5. Sinesmen eta leialtasun erlijiosoa ez da Jainkoaren proposamena onartzeko inolako garantia; are gehiago, Jainkoaren asmoa zapuzteko jarrera izan daiteke. Herri soila eta bekatariak, bazterretan daudenak dira Jainkoaren asmoari eusten diotenak.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude