HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 14
Aldi hartan, Joan Bataiatzaileak, bere ikasleetako biri dei egin eta Jaunagana bidali zituen galdetzera: «Zu al zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?». Irten ziren, bada, gizon haiek Jesusengana eta esan zioten: «Joan Bataiatzaileak zugana bidali gaitu galdetzera: “Zu al zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?». Une hartantxe, gaitz, eritasun eta espiritu gaiztoak zituen jende asko sendatu zuen Jesusek, eta itsu askori ikusmena eman zion. Ondoren, mezulariei erantzun zien: «Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusten dute eta herrenak badabiltza, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta behartsuei Berri Ona hots egiten zaie. Eta zorionekoa ni erorbide hartzen ez nauena».
Lukas 7, 19-23.
Lehenik eta behin, gure fedearen muin-muina azaltzen zaigu: Jesus dugu aitortzen dugun Egiaren eroalea, Jesus berau delako Egia hori. Jesusen presentziak, Hura agertzeak, ondoan izateak, eskutik berak helduta izateak… emango digute Berri Onaren hasieraren berri.
Bestetik, esan dezagun, Berri Ona, aitortutako edozein barneko sinesmen bainoago, jasotzen duen pertsonaren sendagarria dela, Jaunaren mezua eta Harenganako fede eta konfiantza lehenik eta behin sendagarriak direla, lasaigarriak. Sendagarri izate horrek, Ebanjelioko pasarte honetan eginiko mirari gisa agertzen bazaigu ere, zera adierazi nahi digu sakonean: Kristoren Egiak eraldatu egiten gaituela, errotik eta erabat eramaten gaituela bizitza beteagora.
Berri Ona, hala ere, ez da soil-soilik momentuko arazo bat konpondu edota osasun problema bat sendatuko digun petrikilo baten formula magikoa. Ez, hemen mirari horiek Berri Onaren ahalmen guztizkoaren seinale baino ez ditugu. Berri Onak pertsonaren muinean hartzen du bere guztizko indarra, hor sustraitzen da eta hor gertatzen da benetako sendaketa. Pasarteko sendaketa hauetan, Jesusek osasun fisikoko arazoei buelta emateko giza indarraz gaindikoa erakusten digu. Beraren benetako indarra ez da hori, baina; beraren benetako indarra sendatuak izateko gerturatu zitzaizkion guztien aldez aurretiazko fedean islatzen da. Izan ere, Berarenganako fede eta itxaropena duen orok badu izan behar duen guztia, sakon-sakonekoa badu sendatua.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments