HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritzozue? Gizon batek bi seme zituen, eta batarengana joan eta esan zion: “Seme, zoaz gaur mahastira, lanera”. Hark erantzun: “Ez dut nahi”. Baina gero damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Bietan zeinek egin zuen aitaren nahia?». «Lehenengoak» , erantzun zioten. Orduan, Jesusek esan zien: «Egiaz diotsuet: Zerga-biltzaileak eta emakume prostituituak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea hots eginez, eta ez zenioten sinetsi; zerga-biltzaileek eta emakume prostituituek, berriz, sinetsi egin zioten. Zuek, ordea, ikusi eta gero ere, ez zineten bihotz-berritu, hari sinesteko».
Mateo 21, 28-32.
Ederra, esanahi handi-handikoa honako pasarte hau, erlijiozalekeria, edota jainkozalekeria gaitzesten baitu.
Itxurazko “baietz esate” gisa bizi dezakegu sarri askotan gure erlijio-sinismena. Azaleko itxuraz, debozioari eutsita aritu gaitezke zenbaitetan. Hori esan nahi digu Jesusek hemen “esan bai” baina “gerora joan ez” adierazten digun kasu honetan.
Barrura begirako mezua da Jesusena, bihotzaren sakon-sakona eraldatuko duena. Gerora, benetako erantzuna baldin bada, benetako bihotz berritze bat ekarri duena, are kanpotik hasiera batean ezezko bat dirudien kasu horietarikoa bada ere, bene-benetan, kanpora begira, egintza, edo jarrera erabakigarri moduan atera behar denean, ikusiko da, ondo ikusi ere, ustezko ezezko hori zinetan eta benetan Jainkoari emandako baiezkoa dela.
Azken batean, Jesusen Erreinuaren hazia benetan erne bada, zin-zinez gure barrua eta gure oinarrizko bizimoldea aldatu baditu, gure sinismen indarra ahotan har dezakegunean bainoago, munduan jarduteko moduan islatuko da. Finean eta buruan, Jesusenganako eta Berorrek iragarritako mundu-mailako anaidi horrenganako fideltasunean edo fideltasun-faltan jarriko da ezin argiago agerian.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments