HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 12

Aldi hartan, Jesus tenplura etorri eta, irakasten ari zela, apaizburuak eta herriko zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka: «Zein aginpidez egiten duzu hori? Nork eman dizu aginpide hori?». Jesusek erantzun zien: «Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuten badidazue, Nik ere esango dizuet zein aginpidez egiten dudan hori. Joanek noren aginduz bataiatzen zuen: Jainkoaren aginduz ala gizakien aginduz?». Haiek beren baitan zioten: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badugu, zergatik sinetsi ez genion esango digu. Eta gizakien aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendearen beldur gara, guztiek profetatzat baitaukate Joan». Beraz, hau erantzun zioten Jesusi: «Ez dakigu» Jesusek esan zien orduan: «Nik ere ez dizuet esango zein aginpidez egiten ditudan gauza hauek».

Mateo 21, 23-27.

Deigarria egiten da, egiaz, Jesusek agertzen duen nortasuna eta askatasuna botereen aurrean. Horrexek berak ematen dio aginpidea, eta jendeak hori berehala somatzen du.

Baina apaizburu eta zaharrek badakite hori baino gehiago dagoela hemen. Badakite kontua ez dela aginpide legala, norbaitek baimena eman behar balio bezala; baizik Jesusek aldarrikatzen duenaren edukiak duen aginpidea. Eta Jesusek aldarrikatzen duen Egiak zalantzan eta hankaz gora jartzen duela beraien aginpidea, beraien lekua Jainkoaren aurrean. Horrela egin zuen Joanek, eta ez zioten sinetsi. Eta Jesusi ere ez diote sinesten. Ikusten dutela uste dutelako, eta Jesusek itsuak bakarrik sendatzen dituelako. Egiaren jabe direla uste dutelako ezin dute Jesus onartu. Jainkoaren aginpidea izan uste dutelako ezin dute beste aginpiderik onartu, ez Joanenik eta, are gutxiago, Jesusenik.

Jesusek Jainkoaren eta boterearen izenean egindako muntaia guztiak agerian jartzeko aginpidea du.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Zintzotasunak ematen duen segurtasun eta askatasuna

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude