HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 11

Aldi hartan, Joan Bataiatzaileak, kartzelan Kristoren egiteen berri izanik, bere ikasle batzuk bidali zizkion galdetzera: «Zu al zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?». Jesusek erantzun zien: «Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: itsuek ikusten dute eta herrenak badabiltza, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta behartsuei Berri Ona hotsegiten zaie. Eta zorionekoa nigatik erorbide hartzen ez duena!». Haiek alde egitean, Joanez mintzatzen hasi zitzaion Jesus jendeari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kanabera? Edota zer ikustera atera zineten? Apain jantzitako gizona? Apain janzten direnak errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera atera zineten, bada? Profetaren bat? Baietz diotsuet, eta profeta baino ere handiago dena. Horretaz dago idatzia Liburu Santuan: “Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik, zuri bidea prestatzera”. Egiaz diotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bataiatzailea baino handiagorik. Hala ere, zeruetako erreinuko txikiena hura baino handiago da».

Mateo 11, 2-11.

Jesusek Joani buruz esaten dituenak galantak dira gero!: “Ez da sortu amaren semerik Joan Bataiatzailea baino handiagorik”. Joan, Jainkoaren zerbitzarietan handiena; profeta, eta profeta guztiak baino handiagoa… eta hala ere, “zeruetako erreinuko txikiena hura baino handiago da”. Nola ulertu behar dugu hau? Nor da baina Jesus esateko Berari sinesten diotenetako txikiena Joan baino handiagoa dela? Egiaz Jesusek halako aldaketa dakar berekin?

Ez da harritzekoa Joanek, Jainkoaren mezulari izan arren, profeta baino handiagoa izan arren, bere zalantzak izatea Jesusi buruz. Ez baita berak espero zuena, ez baita bere eskemetan sartzen… edo bai, baina ez berak uste bezala, eta hortik nahasmena. “Zorionekoa nigatik erorbide hartzen ez duena!” esaten dio Jesusek.

Ez litzaiguke batere gaizki etorriko abendualdi honetan Joanen nahasmen antzekoren bat. Geuk ere zalantzan jar ditzagun gure eskemak, gure pentsamoldeak, gure Jesusi buruzko ikuspegi eta irudiak. Guk ere galdetu dezagun «Zu al zara etortzekoa ala besteren baten zain egon behar dugu?».

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude