HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 9

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeinen antzekoa dela esango nuke gizaldi hau? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da; honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek aienerik ez”. Izan ere, etorri zen Joan Bataiatzailea, ez jan ez edan egiten ez zuela, eta deabruak harturik dagoela diote. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta honela diote: “A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakinduriari eman diote arrazoia».

Mateo 11, 16-19.

Gure gizaldia, noren antzekoa da? Ez da gauza askorik aldatu: Jauna etortzen zaigu, baina guk ikusteko begirik ez dugula dirudi. Hamaika arrazoi beste aldera begiratzeko; beste hamaika arrazoi, ikusten badugu ere, Jainkoarena ez dela esateko.

Nola liteke han edo hemen Jauna agertzea? Beti dago arrazoiren bat ezetz esateko: Joan Bataiatzaileari gertatu zitzaion, baita Nazareteko Jesusi ere. Gerrak, gorrotoak, haserreak, gizarte berekoi honetan lagun hurkoa nor den ere ez dakigularik. Dena guk dezakegula uste dugu, inoren beharrik ez dugula, eta honetan Jainkoaren beharra ere ukatu egiten dugu.

Barregarri utzi nahi al dugu Jainkoa, Nazareteko Jesus barregarri utzi nahi izan zuten bezala? Barregarri uzten dugu, Jainkoaren bideak ezagutzen ez ditugunean; barregarri, Jainkoa non dagoen ez dakigunean; barregarri, Jaunaren hitzak eta esanak ezagutzen ez ditugunean; barregarri, Jaunaren seinaleak ezagutzen ez ditugunean…

Barregarri gure fedea, nire fedea ahula delako… lagundu iezadazu Jauna, argitu itzazu nire bideak; inoiz Zu barregarri ez uzteko…ni besteentzat barregarri bihurtzen banaiz ere.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude