HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 8
Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Dabiden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta honela esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak hau esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango. Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi?» Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.
Lukas 1, 26-38.
Jauna, gizon-emakume sortu gintuzun, eta oraindik ez dugu ondo ulertzen. Zergatik nahi izan duzu gurekin bat egin gurera etorriz? Zure handitasunaren aurrean gure biziak txiki bihurtzen dituzu: handitasuna errukian, handitasuna barkamenean, handitasuna gu bezalakoa eginez.
Eta batzuetan sinesmena falta zaigu; hain handia bazara, zergatik gurekin? Eta zalantzak sortzen zaizkigu. Zu, berriz, batzuetan sinesmena falta bazaigu ere, Maria aukeratu duzu, gure fede eredu bihurtuz.
Jainkoaren aurrean berak eginiko gonbidapenari erantzutea besterik ez zaigu geratzen. Agian beste aldera begiratu dut, bere hitza gogorra egiten zaidalako, bere mezua betetzea zaila egiten zaidalako… edota despistatuta harrapatu nau, beste alde batera begiratzen ari naizela, munduko hainbat gonbidapeni erantzuna eman nahian.
Orduan nire barnean galdera sortzen da: gai naiz, gai al gara, Mariak egin zuen bezala, «Hona hemenJaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala» erantzuteko?
Izan dezagula guk, Mariaren antzera, fedea, gure itxaropen osoa guregana etorri den Jainkoarengan jartzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments