HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 7

Aldi hartan, Jesusek hau esan zuen: «Zatozte nigana nekatu eta zamatu guztiok, eta Nik arinduko zaituztet. Hartzazue nire uztarria eta ikasi nigandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz, eta aurkituko duzue zeuen arimentzako atsedena. Nire uztarria leuna baita, eta nire zama arina».

Mateo 11, 28-30.

Jainkoak deitzen gaitu, samurtasunez, maitasunez. Ez da agindu bat, ez da indarkeriaz eginiko gonbidapena; errukia eta maitasuna dira nagusi. Bere kreazioa gara eta zaintzen gaitu, zenbaitetan hau sinestea zaila egiten bazaigu ere.

Kontua da, bizitzak hamaika gonbidapen egiten dizkigula, era guztietakoak, eta gonbidapenen artean iparra galtzen dugu; nora begiratu ez dakigula, hainbeste gauzaren artean, Jainkoa non den ere ez dakigu, ez dugu ikusten, bere ahotsa ez dugu entzuten.

Gonbidatzen gaitu, bai, baina bere gonbidapen goxoak indarrik ez duela dirudi. Munduko zaratak ito egiten du Jainkoaren ahotsa. Ondorioz gure zamak eta nekeak Jainkoari eskaini beharrean, munduko zaratak eskaintzen dizkigun hamaika ariketaren artean egiten dugu aukera; ariketa egin bai, baina arimak ezin atsedenik aurkitu.

Jaso dezagun Aitaren gonbidapena, jarri ditzagun, apaltasunez, gure nekeak eta zamak bere eskuetan; izan dadila gure otoitza esker onekoa, gure txikitasunean Jaunak gonbidapena luzatzen jarraitzen duelako, bere maitasunezko eta errukizko gonbidapena.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude