HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez al da laurogeita hemeretziak mendian utzi eta galdutakoaren bila joango? Eta aurkitzen badu, benetan diotsuet, poz handiagoa izango du bakar harengatik, galdu ez diren laurogeita hemeretziengatik baino. Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako bat ere galtzerik».

Mateo 18, 12-14.

Jaunak berarekin nahi gaitu, ez du inor galtzerik nahi. Baina batzuetan ardiak bezala gabiltza, belarra jaten ari den ardia bezala. Ingurukoak bistatik galdu, behera besterik ez duelako begiratzen eta konturatzen denerako, galdu egin da.

Guk ere antzera egiten dugu, barruan ditugun desioak, kapritxoak bakarrik ikusten ditugu eta ez dugu lagun hurkoan erreparatzen. Galdu egiten gara, ni, ni eta ni bakarrik gogoan dugula eta, besteak ahazten ditugu. Eta horretan, galdu egiten gara; Jaunak deitzen badigu ere, ez diogu erantzuten.

Berarekin nahi gaitu, bai, baina gure begirada luzatzea eskatzen digu. Jainkoaren erreinua gurera iritsi da, eta gure buruak, eskuak eta oinak behar ditu erreinua martxan jartzeko; guregandik errukia, apaltasuna, justizia eskatzen ditu.

Poztu gaitezen eta alaitu, Jainkoak ez duelako inor galtzerik nahi; aldi berean, gure begirada luzatuz, has gaitezen Jainkoaren erreinua eraikitzen. Hau da gure poza, baita Jainkoarena ere.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Errukia, apaltasuna, justizia…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude