HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 3

Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, erruki izan zuen, nekatua eta lur joa baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara». Eta hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Zoazte galduak dabiltzan Israel herriko ardietara. Eta bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu lepradunak, bota deabruak; hutsean hartu duzue, eman hutsean».

Mateo 9, 35 – 10, 1.5a. 6-8.

Lehenik eta behin komeni agian gogoan izatea atzoko iruzkinean gaitzez eta eritasunez idatzitakoa, lar aspergarria ez izatearren hona berriz aldatuko ez dudana.

Erreinuaz esandakoa aldiz, abiapuntu bezala, laburtxoa denez gero, bai ekarriko dut:

“Jainkoaren Erreinua jainkozkoa da humanitate betea sustatzen duelako, dakarrelako. Denok lurretik gatoz (humanoa = humus-etik), Jainkoaren irudiko, duintasun bereko; zergatik zokoratuko dira/ditugu bada gaitzak jotakoak (“itsuok”) eta Jesurengana hurbildu ez?”    

Zeruetako, Jainkoaren Erreinua hurbil da, horixe Berri Ona! Denontzat ordea? Helburuz bai jakina, denontzako irekia dugu. Jesuk eta bere (gure, zergatik ez?) Abbak begirune osoz jokatzen dute gizakiarekiko, gurekiko: hots egin, eskaini, horren egarri denari isuri, sendatu, gertuko agertu, (h)atseden eman “nekatua eta lur joari”…; inoiz ez inposatuz, jainkozkoa den giza-askatasuna erroraino errespetatuz. Noraino eta Berri Ona eta haiek eurak errefusatzerainoko askatasuna emanez, erabateko duintasuna aitortuz (Mt 19,22: ez da ez samurra, “baina Jainkoak dena dezake“ (Mt 19,26)). Esango nuke, larregitan ahaztutakoa bezain urratua gure Elizaren historian.

Geu ere, hurkoekiko errespetuz, ikasleak izan gaitezke, eta ahalmena/laguntza eman(go) zaizkigu espiritu gaiztoak (gaitzak eragiten dituzten barruko espirituak, barruko haizeak – irakur Mt 15, 10-20) uxatzeko, galduari bidea ematearekin batera eta horri esker, gure on-bidea topatuz.

Hutsean hartu dugu (garentxo eta duguntxo guztia, dohain, graziaz), eman betean. Gure ni-az hustu egindakoan betera iritsiaren lekuko: Nazareteko Jesu. (Oteitza ados: Hutsa = Betea). Bego horrela.

Gaurkoan Frantzisko Xabierkoa gogoan, Jatsutar nafar euskaradun, Jesuren lagun.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude