HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 2

Aldi hartan, Jesus handik ateratzean, bi itsuk jarraitu zioten, oihuka: «Erruki zakizkigu, Daviden Seme!». Etxera heltzean, itsuak hurbildu zitzaizkion eta Jesusek esan zien: «Sinesten al duzue hori egin dezakedala?». Haiek erantzun: «Bai, Jauna». Orduan, begiak ukitu zizkien, esanez: «Gerta bekizue sinesten duzuen bezala». Eta ireki egin zitzaizkien begiak. Jesusek zorrotz agindu zien: «Begira, gero, ez dezala inork ere jakin». Baina haiek, atera orduko, eskualde guztian eman zuten Jesusen berri.

Mateo 9, 27-31.

Pasarte hau irakurri bezain laster gogora datorkidana zera da, zenbati eta zenbatean ez ote zaigun gertatzen begiak osasuntsu eduki bai baina inguratzen gaituen errealitatea ikusteko ezinean aritzea (presa dela, norberaren eguneroko zeregin `garrantzitsuak´ direla…)´; bi itsuok aldiz, paradoxikoki, ondo ikusten dute egokia dena eta berorri “jarraitzeko” gaitasun eta ausardia (“oihuka”) apartak erakusten dituzte, nagikeriarik eta aitzakiarik gabe, ekinaren ekinez (“… itsuak hurbildu zitzaizkion”), itxaropenez eta fedez.

«Sinesten al duzue hori egin dezakedala?» Sinestea beharrezkoa da, sinestu gabe ez da errealitatearen aurreko irekierarik gertatzen, itxiera eta  itxikeria baizik, begi eta bihotzarena, eta horrenbestez ez ikusi eta ez erruki, ondorioz ekintzarik ez eta gutxiago fruiturik, alegia, federik gabe zeinurik ez, ezta Jesuk ere.

Jesuk inguruko erralitatearekiko erne, ikusi, hartaz jabetu (sentibera) eta errukitu (bihozbera) egiten da, eta horrek guztiak ekintzara (“begiak ukitu zizkien”) darama: gaitza senda. Erreinuaren zeinuak eta zantzuak.

“… ez dezala inork ere jakin”: kontuz gero, ez da magia-trikimailu, arbitrariokeriarekin ez lotu!

Jainkoaren Erreinua jainkozkoa da humanitate betea sustatzen duelako, dakarrelako. Denok lurretik gatoz (humanoa = humus-etik), Jainkoaren irudiko, duintasun bereko; zergatik zokoratuko dira/ditugu bada gaitzak jotakoak (“itsuok”) eta Jesurengana hurbildu ez?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude