Desertuko iturria

2022 Abe 1

Azken hiru artikuluak zeharkatu dituen ideiari jarraituz, nola lortu bizitzaren sakonari, bizitzaren zabalari, berorren misteriori gure bihotza zabaltzea? Nola egin hori? Eta, hori egitea lortuz gero, Jesusen xuxurla hasiera batean sumatu, gero bere ahotsa eta, azkenik, onenean, Berau harreman pertsonal intimo gisa edukitzera iritsita, geure bizitzaren oinarri eta bultzagarritzat hartu. Nola zabaldu gure bihotzaren ateak? Jesus bera ate joka ari zaigulako eta azkenik horren ohardun egin garelako? Edo bestela baizik: gu zain-zain gaudelako, erne eta zain  gaudelako, eta esperoaren esperoan egote horren ondoren, azkenean, Bera hurreratuko zaigulako? Zer dago guretik, guk egindako esfortzu eta merezimendutik? Eta zer dago bere aurretiazko dohaintza ezin eskuzabalago eta azkengabetik? Zeinek hartzen dio aurrea zeini?

Graziaren sakonean sartu gara galdera hauen bitartez, graziaren misterioan. Katolikoen Graziaren teologiak asko argi diezaguke eta asko esan. Gure kristau-ikasbideak ere azalpen horiek argi utziko dizkigu. Jainkoa beti aurreratzen zaigula esango zaigu, aurrez Berak maitatu gaituelako ailega gaitezke Bera maitatzera. Jainkoaren aldetiko aurretikotasun hau dugu Graziaren ezaugarri nagusietariko bat gure sinesmenean. Halere, Grazia  ez da ezer magikoa; aurre-eragilea izanda ere, ondoren gure baiezkoa eskatuko du, guk aske eta libreki Jesusi jarraitzearen aldeko baietza eman dezagun.

Hau guztiau esanda, guztiz azalduta emango lukete hasieran planteatutako galderek; Jesus izango zaigula betiro ate joka aurrez. Gu zain egon ala ez, hori oso bigarren mailan geratuko litzaiguke, ondorioz. Kontua baina ez da horren samur ebazten. Ez da, baina, horren sinplea kontua. Izan ere, Ebanjelioan zain egotearen aldeko deiak ezin konta halakoak dira. Jesus une oro ari zaigu zain eta esperoan egotearen aldeko deia egiten. Askotan parabolen bidez egingo du, bestetzutan Jesusen jarreran bertan ere ikusi ahal izango dugu hori.

Honek guztiak paradoxikoa, kontraesankorra, eman balezake ere, ziurrenik ez da hala, ziurrenik zain gauden horretan bertan jada egin dute bat, elkarrengandik ezin bereizita bat-bat eginik daude jada, deia (edo aurre-deia), Jesusen aldetikoa, eta geure baiezko erantzuna. Jesus, gure bizitzan nabarmenki sartu aurretik, bere bila ari garen horretan bertan jada dago gugan.

Zain egote horren, bila ateratze horren adibide ezin argiagoa Joan Bataiatzailearengan aurki dezakegu. Berorrek, bere garaiko munduaz eta bere agintari faltsuez, asper-asper eginda, bestelako mundu baten hautua egin zuen; bere iragana eta beretarrak atzean utzi eta ero baten moduan Egiaren bila atera zen.

Geure baitan ere badago “Joan” zahartu gabeko bat, oraindik benetako Egian sinisten duen “Joan” bat.  “Joan” horri entzutea eta, berorrek egin zuen moduan, Egiaren aldeko abentura abian jartzeko prest egotea denon esku dago. Hori egitea, hain justu ere, eginkizun espiritualetan espiritualena litzateke. Halere, hau egitea ez da batere samurra. Bizi dugun garaiaren ezaugarriak ez ditugu batera aldeko, aipatzen nuen aurreko batean. Dena den, ez dezagun geure burua engaina, kontrako dugun gizarte, mundu garaikide hori, gu geu ere bagara, gure baitan sortzen diren kontrako indar eta deien bidez ematen dena. Gure barnerik barnekoenean, “Joan bezalako erretirorako” irritsa eta deiarekin batera, munduaren, gure egunerokotasunaren burrunbak eta zalapartak barrua lanbrotzen digute.   

Joan erretiratu behar izan zen, berariaz eta nahita. Geuk ere egin genezake horrelako zer edo zer. Ez agian, literalki eta materialki basamortu edo antzekotzat jo genezakeen zerbaitera, bai, baina, horrek atzean duen esanahi berbera izan dezakeen jarrera-egoera batera. Mundu honetako gauza handi guzti-guztiak bakardadetik jaio dira. Hortxe bertan, hain justu, on guztia hasten da. Hor baino ezin izango dugu Jesusekin lehenbiziko desertuko enkontru hori egin. Hor, lehendabiziko topaldi horretan, berrindartu ahal izango dugu mendre izatera  lerratzen zaigun fedea; hortik, berriz ere, mundua eder ikusi ahal izango dugu, nahiz-eta jada ez dugun horrela ikusten.

Erretiratzearekin batera galdera asko luzatuko digu gure barneko Joan Bataiatzaileak: Zertara zatoz hona? Zer aurkitu nahi duzu hemen? Bada, guk baino lehenago zenbaitek egin zuten moduan, geuk ere, noizean behin, desertu aldera egin beharko genuke, bertan sakon hausnartzeko eta geure ideiak ordenatzeko pixka bat.  Desertuan baina ez dugu inongo formula magikorik aurkituko. Bertara hitzetatik, atergabeko hitz-jariotik, ustezko urgentziazko eginkizunetatik, apur bat alde egiteko, ekoizkortasun eta etekina xede baino ez duten eginbeharrekoak bazter uzteko, joaten da.

Ez dago Jainkoa ikusterik, baina badago bere aztarnen bihozkada izateko. Isiltasunean digu xuxurlatzen. Bere hitzak kasik ez dira entzuten. Bere melodia ia ez da entzungarria. Baina gure barnean ez dio sekulan jotzeari uzten, etenik gabe ari zaigu xuxurlaka. Berau entzuteko eguneroko zalaparta ezineko bihurtzen ari zaigula sumatzen dugunean, desertu isiltasunaren beharra dugu, melodia berriz ere berreskuratzeko beharra dugu, isiltasunezko begirada berreskuratzeko beharra dugu.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude