HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 1

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna” esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoen nire Aitaren nahia egitea. Beraz, nire hitz hauek entzuten eta betetzen dituena bere etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, jo zuen haizeak eta eraso zioten etxe hari; baina ez zen erori, harkaitz gainean oinarritua baitzegoen. Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, bere etxea hondar gainean eraiki zuen gizon burugabearen antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, jo zuen haizeak eta eraso zioten etxe hari; eta erori egin zen eta erabat hondatua gelditu».

Mateo 7, 21.24-27.

Ez dira, nire ustez, ortodoxia (“Jauna, Jauna”) eta ortopraxia (“zeruan dagoen nire Aitaren nahia egitea” ; “nire hitz hauek entzuten eta betetzen dituena”) kontrajartzen, otoi-hitzarekin batera osatzen eta osotzenbaizik.  

“Ortho”, grekotik zuzena, egokia; “doxa”, grekotik ere, testuinguru honetan, iritzia, ikuspegia, ulerkera, doktrina; “praxis” bere aldetik, ekintzaren eremua (gaurko testuan, egin, bete).

Kontraesankorrak ez diren bezala ruah, pneuma, espiritua(litatea), kontenplazioa alde batetik, eta materia/gorputza, physis, ekintza, jarduera… bestetik.

Grekoen mundu-ikuskeratik, lehen (eta aurreko) mendeko kristau-pentsamendu eta adierazpideek ez zituzten bakarrik hitz-maileguak jaso (ebanjelioak berak, euren osoan grekoz izan zirela idatziak adibide), greziar kulturan sustraitutako errealitatearen gaineko zenbait pentsamendu-modu ere, dualismoa kasu, hebertarren jatorrizko kulturan nahikoa arrotza zena, eta nire ustez arriskutsua, errealitatearen batasun orekatsuandisoziazio erikorra (dia-bolos, diabolikoa) eragin dezakeelako, eragin izan duelako, izan errealitate hori kosmos osoa ala mikrokosmosa (gizakia bere osoan).

Jesuk gaurko testuan erakusten digun lez, praxis, ekintzak, jokabide egokiak (“nire Aitaren nahia”)beharrezkoak dira gutako bakoitzaren baitan eta komunitatean ethos egoki bat sortzeko eta sustraitzeko (“harkaitz”), jokabide-ohitura multzo, funtsezko bizitza-aukeraketa sendo; izan ere, erreinurako “Jauna, Jauna” berari esatea ez da aski, bai ezinbesteko: otoi-hitz gabe ekintzek hurbil dute arnasa-agorra, eta ekintzarik gabe otoi-hitza hutsalak jota dago, “hondar” besterik ez da, flatus vocis.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude