HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 30

Aldi hartan, Jesusek, Galileako itsasbazterrean barna zebilela, bi anaia ikusi zituen, Simon, Pedro deitua, eta haren anaia Andres, sareak itsasoan botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Haiek, berehala, sareak utzi eta jarraitu egin zioten. Aurreraxeago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta haren anaia Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen; eta dei egin zien. Haiek, berehala, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten.

Mateo 4, 18-22.

Ez dirudi oso sinesgarri, beharrean, lan egiten diharduten bi pertsonak (Simon eta Andres), antza aurretik ezagutzen ez zuten pertsona batek (Jesu) “zatozte nirekin…” esan eta “berehala, sareak utzi eta berari jarraitzea”  besterik gabe; euren bizibiera eta bizimodua, familia, etxea…, dena utzi eta berarekin, bere atzetik joatea.

Berdintsua esan genezake Zebedeoren semeen kasuan ere (Jagoba eta Joan): deia egin eta haiek ere “berehala” dena bertan behera utzirik, “jarraitu egin zioten”.

Itsukeria eman lezake, ohiko giza-jokabide “arrazionaltasun”arekiko arrotza…; dena dela, seguruenik ez zen dena horren “berehala”koa izango, eta seguruenik izango ziren topaketa horren aurretik ere ezagupideren bat eta barne-heltze prozesurik. (Irakur dezakegu apur bat aurretik Mt 4,13an: ”jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian”)

Badirudi azpimarratu nahi zaizkigula Nazareteko Jesuren autoritatea eta giza erakarmen-gaitasuna, magnetismoa esan genezake, nonbait oso nabarmena zuena, ebanjelioen irakurketan han-hemen agerikoa dena; eta baita ezerk ez dituela Jainkoaren Erreinua eraikitzeak bezainbesteko lehentasuna, premia eta garrantzia, “(…) gainean baituzue Jainkoaren erregetza!” (Mt 4,17); zer garrantzitsuagoa eta premiazkoagoa “gaitz eta eritasun guztiak sendatzen” aritzea baino? (Mt 4, 23)

Komeni da gogoratzea “deabruak” tentatua izatetik datorrela Jesu (irakur Mt 4, 1-11): ondasun materialen pilaketatik, botere gosetik, nagusikeriatik… Horra gure “gaitz eta eritasun” askoren jatorria, Satanas beraren presentziaren benetako adierazpideak, Jainkoaren Erreinuarekin elkargarriak ez direnak; Jesuren erantzuna: “Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu!“ (Mt 4, 10). Zeren aurrean makurtzen naiz ni egunerokoan ordea? Are, ahuspeztu?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude