HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 28

Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut». Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin».

Mateo 8, 5-11.

Ebanjelioetan eta Nazareteko Jesuren jardun eta mugimenduaren gainean aditu gehienek garbi adierazten dute seguruenik Jesuk bere predikua Erreinuaren etorrera-iragarpena eta salbazio mezu eta ekintzak aurrera eramateko orduan Israel Herria zuela jopuntuan, esplizituki behintzat.

Irakur adibidez, Rafael Aguirrek koordinaturiko eta Verbo Divino-k 2015ean argitaratutako “Así empezó el cristianismo” liburan, I. atala. “El proceso de surgimiento del cristianismo”, 4. puntua. “Jesús y los orígenes del cristianismo”, b. “La Iglesia y Jesús: perspectiva histórica (2. argitalpena, 43-44 orr.):

“Jesuk Jainkoaren Erreinuaren hurbiltasuna iragarri zuen, historia barneko eta transzendentearen salbamen eskaintza lez. Israel osoari zuzendu zitzaion eta Jainkoaren esku hartze eskatologikoari begira deitu nahi zion. Jainkoaren Erreinuaren kontzeptua Jainkoaren Herriarenarekiko korrelatiboa da. Jesu ez zen jentilengana joan. Israelek Jainkoaren Erreinua onartzen zuen neurrian, herri guztiak Sionera joango ziren erromes, hau da, Yahve Jainko bakartzat hartuko lukete. Jainkoaren Erreinuari buruzko Jesuren mezuan, inplizituki baina errealki, bere buruaren gaineko asmo berezi bat nabari da.” (Itzulpena nirea da, akatsak baita hortaz)

Era berean, badakigu, Jesuren lehen jarraitzaileen mugimenduak, hasierako bere aniztasunaren baitan, ez ika-mika gabe, sigi-sagaka “jentil”enganako urrats irmoa eman zuela (gu lekuko!), Mateoren araberako ebanjelioaren azken idazketa egin zenerako nabarmena zena.

Nabari dira gaurko ebanjelioan “jentil”ekiko hurbiltasuna eta are aitortza ere, Jesuren ahotan jarria gainera (“Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik”; “sortaldetik eta sartaldetik asko“), agerikoa den bezala eurekiko salbamen-eskaintza (“joan eta sendatuko dut”), eta Rafa Aguirrek dioen lez, baita bere buruaren gaineko asmo berezi baten aitorpenaren onarpena ere (Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia”), ez harridurarik gabe halere (“Hori entzunik, harritu egin zen Jesu”).

Egunero (historia barneko) izan daitekeen “abendu-aldi”an sarturik, Erreinua eta salbamena (sendatu -elbarri eta oinazetan-, osatu… transzendenteki ere) iragarri egiten dizkigunaren etorrera (ad-venire) ospakizunei begira jarrita:

  • zein da egun jentila?
  • non elbarri eta oinazeak?
  • zein Jainkoak “aukeratu Herriko” harroputz, zein Jesuk aukeratu?
  • zein senda-bidea?
  • zein ehuntari, zein ateo?

Gogora bedi hasierako kristauei, kristau deitu baino lehen ere, “ateo” deitzen zietela Inperiotik, Inperioko jainkoengan sinesten ez zutelako: zeintzuk dira egungo Inperioaren  jainkoak?, zertan dut nik sinesmena ipinia?  norantz nago irekirik? zeren aurrean itxirik?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude