HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 27

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Uholde aurreko egunetan jan-edanean zebilen jendea, eta ezkondu egiten ziren gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zen eguneraino; eta ez ziren konturatu, uholdea etorri eta guztiak eraman zituen arte. Horrela izango da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Orduan, bi gizon izango dira soroan: bata hartu egingo dute eta bestea utzi; bi emakume ariko dira errotarrian: bata hartu egingo dute eta bestea utzi. Zaudete erne, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko den lapurra, erne egongo litzateke eta ez luke bere etxea zulatzen utziko. Egon, bada, prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko zaizue-eta Gizonaren Semea».

Mateo 24, 37-44.

Eskatologia erako diskurtsoa eraikitzeko Noe-ren istorioaz (irakur laburtxo Has 6,9-13) baliatzen da ebanjelaria.

Beste kultura batzuetan ere bada parekidea izan litekeen kontakizun mitologikorik (Grezian, Sumerian…); bai,mitologikoa, ez ordea gaur egun larregitan, arrunt erabiltzen den adieraz (“errealitate”an funtsik ez duen kontakizuna), leukakeen esanahi etimologikoan baizik: giza komunitate batentzat (garai guztietako gizakientzat?) zentzu sakon eta funtsezkoa (logos) daukan narrazio, errelato eredugarria (mythos).

Ikus dezagun gainetik baino ez bada ere Noerenean agertzen diren gaiak:

  • Gizon zuzena zen Noe eta akatsik gabea bere garaikoen artean. Jainkoak nahi bezala jokatzen zuen…
  • Mundua gaiztakeriaz eta indarkeriaz betea zegoen, den-denek jokaera makurra
  • Jainkoak, mundua hain gaiztotua ikustean (…) gizakien erruz indarkeriaz betea (…) suntsituko ditut.
  • Baina zurekin ituna eginen dut.
  • Sar zaitezte ontzian (…) zurekin batera bizirik iraun dezaten

Ez da noski narrazio historikoa, trans-historikoa baizik, goian esan bezala, arketipikoa; irakurtzean, bat-batean, zeini ez zaio burura etortzen egungo gure mundutxoa, gure errealitatea?

Esango nuke tentsio eta ardura etiko eta erlijiosoa eragin nahi dituen errelatoa dela, non (B)bizitzaren (bere osotasunean) zentzua eta iraupena bera ere jokoan dauden.

Eskatologia tankerako diskurtsoa izaki, azken garaiei, azken egunei eta azken zentzuari (skhatos + logos) egiten zaie erreferentzia; ondo da, baina esango nuke testuak Jesuren hitzen bitartez komunikatu nahi digula “azken” hori ez dugula ez dakit zer etorkizun ezezagun batean ipini behar, ez dugula ordu hartarako utzi behar…, baizik eta  egunero (are uneoro) dugun unea dela “erne”, arreta osoz biziz gero; edota nahiago bada, esaldia alderantziz, bizi gaitezen “erne”, arreta osoz, kontura gaitezen orain eta hemen uneoro ditudala aukera eta errekerimendu “Jainkoak nahi bezala” bizitzeko, jokatzeko, “gaiztakeria” eta “indarkeria” ezaz, “jokaera makur”rik gabe… dena eta denok “bizirik iraun dezagun”.

Biziera horretan, kristauok Logos gorena dugu adi- eta ari-bide (Jn 1, 1-18). Logos horren gaineko narrazio dugu gaurko testu hau ere, errebelazio bat. Argia denak argi gaitzan gure saihets-bideetan!

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude