HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 24

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Jerusalem gudarostez inguratua ikustean, jakizue gainean duela bere hondamendia. Orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; Jerusalem barruan daudenek alde egin bezate, eta soroan direnak ez bitez hirian sartu. Zigor-egunak izango dira, orduan beteko baita Liburu Santuan idatzirik dagoen guztia. Dohakabeak egun haietan haurdun izango direnak edota bularreko haurrak izango dituztenak! Estualdi handia izango baita lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat. Ezpatapean eroriko dira eta nazio guztietara eramango dituzte gatibu; jentilek zapalduko dute Jerusalem, nazioentzat Jainkoak erabakitako epea erabat bete arte. Seinaleak izango dira eguzkian, ilargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez aztoraturik. Arnasarik gabe geldituko da jendea, munduari gainera datorkionaren beldurrez, ortzia ere dardaratuko baita. Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handiz hodeian etortzen ikusiko dute. Hori guztia gertatzen hastean, izan bihotz eta jaso burua, hurbiltzen ari baita zuen askapena».

Lukas 21, 20-28.

Aldi gogorren hotsak agertzen dira pasarte honetan. Orduko kontuak dira, edo gaur ere antzerako dunbak heltzen dira gure bizitzara?

Burua argi eta bihotza erne gordetzen baditugu, gure bizilagunek -bai familia, lagunarte, lankideen artean– hainbat eta hainbat egoera larri bizi dituztela jabetzen gara, eta nola ez gizarte eta mundu globalizatu honetan. Zuzentasun ezaren eta gizatasun ezaren indarrek buruzbehera uzten gaituzte, eta ezinak hartzen du aparteko indarra,batez ere bizia makal bihurtzen den emakume eta gizonengan; orduan beldurrak edo egonezinak gainez egiten duenean arriskuan jartzen gara: dena bertan behera bota edo albo batera begiratu.

Behar beharrezkoa suertatzen zaigu babesa albotik jasotzea, arnasa berria, zutunik mantentzeko adorea. Horixe da Jesusen ahotik irteten diren hitzen helburua: Jainkoaren babesa, laguntza maitekorra eta ondoan sentitzeko zain bizi gara. Eta berriro esaten digu: … izan bihotz eta jaso burua, askapena gertu dago eta.

Non entzuten ditut ordu honetako garrasiak? Eta Jesusen babesa noren bitartez heltzen da nigana? Nora bultzaten nau nire jainkozaletasunak?

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude