HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 23

Aldi hartan, Jesusek honela esan zien ikasleei: «Eskua erantsiko dizuete eta erasoko, sinagogetara eta kartzeletara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko nigatik. Aitormen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Hartu gogoan ez duzuela zeuen burua nola defendatuko kezkatan ibili beharrik izango; Nik adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre egiterik edo erantzuterik izango. Zeuen gurasoek eta senideek berek, ahaideek eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko; guztiek gorroto izango dizuete nigatik; baina ez duzue buruko ile bat ere galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia».

Lukas 21, 12-19.

Pasarte hau bere ingurugiroan kokatzea komeni da. Zera ematen du, Jesusen esanak jarleku edo bizibide lasai eta eroso batetik sortzen direla. Lehenengo aldietako kristauen bizigirotik sortuak direla uste dut, hau da, haren jarraitzaileak bere heriotzaren ondoren, nola bizi izan zuten maisuaren lekuko izatea.

Orduko eta baita gaurko giroan, nola izan bakoitza eta kristau elkarte bakoitza Berri Ona mundu honen erdian? Galdera honi nola ematen diogun bizi erantzuna dago zalantzan.

Hebertarrei zuzendutako gutunean honelako zeozer agertzen zaigu: “… beraz, honenbeste testiguren hodei erdian gaudenez gero, utz ditzagun zama guztiak eta joan gaitezen, eramanpen handiz, sinesmenaren iturri eta helburu den Jesus gogora ekarriz…” (Heb 12,1-2).

Bai, gure inguruak ez du asko maite jainkozaletasuna, baina bai mundua bere senera eroateko erronka; ez ditu gogoko erlijioen tradizioak baina bai pertsona eta herrien duintasuna; ez ditu maite gezurra eta azalkeria, nahiz eta sarritan murgilduta bizi garen egiaren gose-egarririk gabe…

Tamalez, itxurakerian galtzen gara, baina bai ezagutzen ditugula gure inguruan on egiteko sena duten gizon-emakumeak, gaitz edo indarkeriaren erdian ontasunaren egile eta maitale direnak. Mantendu ditzagun hauekin lokarri estuak, Jesus bera guregana hurreratzen delako.

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude