Ondorioak ondorio – Lk 23, 35-43

2022 Aza 21

Azken urteak jo eta ke pasatuak zituen
gauza haiek iragartzen:
justizia, guztien duintasuna, elkarren maitasuna…
Botere diruduna kritikatzen zuen
eta Jainkoak batez ere
pobreak eta bekatariak maite zituela zioen.
Eta horrek, jakina, ondorioak ditu.

Botereak arriskutzat ikusten bazaitu,
denen duintasuna iragartzen duzuna,
guztien barregarri zigortuko zaitu,
elkarren maitasunaren lekuan
krudelkeria eskainiko dizu,
eta areago,
bakar-bakarrik gera zaitezke
eta zure egoera berean dagoenak ere
iseka egingo dizu zapaltzaileekin batera.

Gaitza da jakiten
zerk egiten duen min handiagoa:
Iltzeek? Isekak? Porrotak?
Jainkoak ezer ere ez egiteak?
Batek daki.
Haietako edozeinek ere
desegin egingo gintuzke
gizaki gehienok;
adoretsuenek, agian,
indarra aterako lukete nonbaitetik
porrotari, isekari, heriotzari
duintasunez aurre egiteko.

Baina Jesusek ez.
Egoera ezin beltzago horretan ere
Jesusek Jainkoaganako konfiantza
aldarrikatuko du berriz ere:
“Lasai,
hau ez da amaituko dirudien bezala”.

Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna,
Jesusen konfiantzagatik,
baita azken hitza zeuk daukazula irakatsi diguten
oraingo eta lehenagoko,
hurbileko eta urruneko lekuko guztiengatik.
Mila esker, Jauna,
gertatzen dena gertatzen dela,
zu ama eta aita zaitugula,
dena sostengatzen duzula
sinetsi ahal dugulako,
eta horrek, infernurik beltzena ere
paradisu bihur lezakeelako.

Badakigu, ordea,
zu gure aita izan ahal izateko,
gu elkarren neba-arrebak izan behar garela.
Irakatsi horrela jokatzen.
Lagundu gure bizitzez iragartzen
mundua bestelakoa izan daitekeela,
zuk hala nahi duzulako.
Eman indarra
Justizia, elkarren maitasuna eta guztien duintasuna
guk ere iragartzeko,
eta horrela
gaurko gurutziltzatuen infernu hau
paradisurantz bultzatuko dugu
milimetro batez baino ez bada ere.

Emaguzu fedea, Jauna.
Emaguzu Jesusen konfiantza.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude