HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 19

Aldi hartan, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi (saduzearrek ez dute onartzen hildakoak pizten direla), eta galdetu zioten: «Maisu, Moisesek idatzi zigun: “Norbaiti anaia ezkondua seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa emateko”. Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. Bigarrena eta hirugarrena alargunarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, zeinen emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?». Jesusek erantzun zien: «Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizaseme nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke hil, aingeruak bezalako baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazten du, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari “Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko” deitzen dionean. Ez da hildakoen Jainko, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat  Orduan, lege-maisu batzuek esan zuten: «Maisu, ederki esan duzu». Eta ez ziren ausartzen beste galderarik egitera.

Lukas 20, 27-40.

Kosta egiten zaigu saduzearrengan -edo farisear eta lege-maisuengan- gure buruak irudikatzea, baina zeinen ongi erretratatzen gaituen gaurko honek. Saduzearrek judutar erlijioaren barnean halako borroka ideologikoa bizi dute farisearrekin, besteak beste zenbait ohitura eta pentsakera denborarekin erlijioari itsasten joan zaizkionak tarteko, gaurkoan agertzen den bezala, hildakoen berpiztea barne.

Eta gure argazkia izan daitekeen hau gertakari txiki batekin irudikatuko dut. Elizaren barnean kargu garrantzitsua izan duen batek kontatzen du berak baduela lagun min bat kristaua ez dena. Eta bera kristautu nahian,  zinez sinesturik bizigarri gertatuko zaiola, gure honek Caritasen barnean egiten den zenbait ekintza eta proiektu aurkeztu zizkion. Eta lagunak erantzun: “egiaz miresgarria egiten duzuena. Orain, gauza bat falta zaizue: elkar maitatzea.”

Zenbat aldiz ez gaituzte ideologi eta ikuspegi teologikoek elkarrengandik banatu, bereizi, eta urrundu? Zenbat aldiz ez gara eliztarrengandik oso bestelakoak sentitu?

Okerrena hala ere, lege-maisuei gertatu bezala, Jesusek arrazoia ematen digula uste izan eta hala ere bere kontra jokatzea izan daiteke. Bizidunen Jainkoarengan sinesten dugula esan eta hildakoen jainkoari jarraitu, maitatzea ahaztuz.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude