HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 17

Aldi hartan, Jesus, Jerusalemera hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik, eta esan zuen: «Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara hori ikusteko gauza. Etorriko zaizu, bai, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia; txikitu egingo zaituztete zu eta zure bizilagunak; eta ez dizute harririk harri gainean utziko, Jainkoak eskaini dizun salbamen-aukera aintzat hartu ez duzulako».

Lukas 19, 41-44.

Zenbat aldiz azaltzen zaigun Jesus negarrez eta aieneka, bai Jerusalemengatik, bai beste hainbat herrirengatik: Korozain, Betsaida, Kafarnaum… Zer atsekabe Berak bizi zuena Jainkoaren Erreinua gauzatzearen premia eta grina ezerezean geratzean, jaramonik ez egitean.

Ez zuen erraza izan behar berarentzat halako bihotz gogortasuna. Eta bere herrian gertatu bezala, hainbat lekutan bizkar ematen diotela sentitzen du. Jesusek porrota negar egiteraino bizi du, baina ez beragatik, baizik eta profetek eta aurrekoek hain espero izandakoa iristean ez jasotzeagatik, ez ikusi nahi izateagatik. Jainkoak zuen guztia eman du, bere Semea eman du, ezin du gehiago eman. Eta hala ere, bizkar ematen diote Jainko Aitaren maitasun erabatekoa jasotzeari.

“Ulertuko bazenu”. Hitz hauek guretzako halako aldaba jotze bat bihurtzen dira, guregatik ere negar eta aienerik egin ez dezan, Jerusalemdar bihur ez gaitezen: beti Jainkoaren hirian, beti bere ondoan, baina kasurik egin gabe.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude