HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 16

Aldi hartan, Jesusek parabola bat kontatu zion jendeari, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erreinua une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: «Handiki bat urrutiko lurralde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzeko. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta ontzako urre bana eman zien, esanez: “Saiatu etekina ateratzen, ni itzuli bitartean”.

Baina herritarrek gorroto zuten eta mandatariak bidali zituzten ondotik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”. Errege-izendapena harturik itzuli zenean, deiarazi zituen dirua banatu zien morroiak, bakoitzak zer irabazi zuen jakiteko. Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hiriren agintea”. Joan zen gero bigarrena eta esan zuen: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”. Honi ere nagusiak esan zion: “Hartzazu bost hiriren agintea”. Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapian bildua eduki dut. Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”. Nagusiak, orduan: “Heure esanetik kondenatzen haut, morroi gaizto hori! Bahekien gizon gogorra naizela, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. Nolatan ez duk, bada, nire dirua bankuan jarri? Horrela, itzultzean, bere interesekin jasoko nian”. Eta han zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa, eta eman hamar dituenari”. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehen ere baditu hamar ontzako”. Eta nagusiak: “Hara nik esan: Duenari eman egingo zaio; ez duenari, berriz, daukan apurra ere kenduko. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”  Hitz hauek esan ondoren, Jesusek Jerusalemgo bidean gora jarraitu zuen denen aurretik».

Lukas 19, 11-28.

Seguru nago gaurko parabola honek asaldaturik utzi gaituela. Eta horrelakoetan azalpen bila jotzen dugu, ulertu eta gure pentsamoldeetan kokatu ahal izateko. Kosta egiten zaigu Jainkoarekin gatazka bizitzea. Kosta egiten zaigu hitz hauek Jesusen ahotan kokatzea. Eskemak apurtzen dizkigu, ez dator bat egina genuen Jesusen irudiarekin. Zer egin? Zer egin Jainkoarekiko gatazka sortzen zaigunean? Gure eskemetara itzuli? Ala gatazka hori Jainkoari aurkeztu eta berarekin bizi? Beste era batera esanez, artzain onaren, samariar onaren parabolak onartu eta hau baztertu (eta hau bezala beste pasarte asko), ala Jesusek egin zuen bezala gaztazkak, ulertu ezinak, porrotak… guztia Jainkoari otoitzean aurrez aurre jarri?

Ez dezagun harreman errazetara jo; ez dezagun eskema sinpleegirik egin ez Jesusekiko ez Jainkoarekiko. Eta gaurko parabola hau entzun dezagun Jesusi bere Espiritua eskatuz, gure ondoeza azalduz. Eta gatazken erdian bere ondoan mantentzeko kemena eskatuz.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.