HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 15

Aldi hartan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barna zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zena, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen Zakeo, baina ezin zuen jendetzagatik, txikia baitzen. Lasterka aurrera joan eta pikondo batera igo zen Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, toki hartara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Berehala jaitsi zen eta pozik hartu zuen etxean. Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz». Zakeok, ordea, zutik jarrita, esan zion Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emango dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot». Jesusek esan zion: «Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da».

Lukas 19, 1-10.

Atzo itsua bazen Jesusekin topo egin zuena, gaur gizon txiki eta zergalaria. Konturatu zarete inoiz Jesusekin topo egiten duten pertsonak (ez inguruan edo esamesean dabiltzanak) guztiz aldatuak gertatzen direla? Zer indar dauka Jesusek pertsonengan horrela eragiteko? Zakeok, seguruenik bere egoera pertsonalagatik, txikia izateagatik edota zerga-biltzaile izateagatik, gizarte babesa, hau da, norbait izatea, errespetua, nolabaiteko ondra, aberastasunean aurkitu du. Eta bapatean gai da ordura arteko ziurtasun guztiak hankaz gora botatzeko. Zer aurkitu du baina Jesusengan? Zer bazkari izan da hori pertsona horrela aldatzeko? Baina zer segurtasun, zer oinarri, zer sendotasun aurkitu du Zakeok eman duen pausoa emateko?

Baina nor da Jesus hau? Bera ezagutzea hain garrantzitsua ote?

Zakeori gero Paulori gertatuko zaiona gertatu zaio: “Baliotsutzat nituen gauza guztiok, baliogabetzat jo nituen Kristorengatik. Eta are gehiago, nire ustetan deusek ere ez du ezer balio Kristo Jesus ene Jauna ezagutzearen dohain paregabearen aldean.” (Flp 3, 7-8)

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.