HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 14

Aldi hartan, Jesus Jerikora hurbildu zelarik, itsu bat zegoen eskean bide-ertzean eseria. Jendea igarotzen sumaturik, zer zen hura galdetu zuen. Jesus Nazaretarra igarotzen zela jakinarazi zioten. Orduan, deiadarka hasi zen: «Jesus, Daviden Seme, erruki zakizkit!». Aurrean zihoazenek gogor egiten zioten isilarazteko; baina hark oihu handiagoz: «Daviden Seme, erruki zakizkit!». Jesusek, gelditurik, beregana ekartzeko agindu zien. Hurreratu zenean, galdetu zion: «Zer nahi duzu Nik zuri egitea?». Itsuak erantzun: «Ikus dezadala, Jauna!». Jesusek esan zion: «Ikusi, bada; zeure sinesmenak sendatu zaitu». Berehala ikusmena berreskuratu zuen eta Jesusen ondoren zihoan, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu zuen.

Lukas 18, 35-43.

Aukera izan eta, zer litzateke Jesusi eskatuko geniokeen handiena, ederrena, miresgarriena?

Zer gauza ederragorik Jesusi ikustea eskatzea baino!

Seguru nago gauza asko eskatuko genizkiokela Jesusi, eta eskatzen dizkiogula; baina inoiz pasa zaigu burutik Bera nor den jakitea, ohartzea, konturatzea…? Zoragarria, egiaz, pasartea: itsua bide-ertzean, eserita eta eskean, igarotzen den jendeari sos batzuk eskatuz, bizitzeko adina izateko; baina Jesusi ez dio txanponik eskatzen. Jesusek berak ematen dio aukera nahi duena eska dezan: «Zer nahi duzu Nik zuri egitea?»

Izan ere, itsuari aurrean jartzen zaio bere bizitzako aukera. Eta bai baliatu ere: «Ikus dezadala, Jauna!»

Gerta dakiguke guri ere, Jesus ezagutu uste dutenek, Jesus ikusi eta berari jarraitzen diotenek, gu isildu arazi nahia. Itsuak etsi ez zuen bezala, ez dezagun atzera egin Beragandik handiena lortu arte: ikustea!

Eta pozarren goretsiko dugu Jainkoa.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.