HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 12

Aldi hartan, etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, Jesusek parabola hau esan zien: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaile harengana joaten zen, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariarekiko auzian”. Luzaroan epaileak ez zion kasurik egin nahi izan, baina azkenean bere baitan esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egingo diot justizia, behingoz bakean utz nazan”  Eta honela bukatu zuen Jaunak:  Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak, ez ote die justizia egingo, gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan? Justizia berehala egingo diela diotsuet. Baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ote du sinesmenik munduan?».

Lukas 18, 1-8.

Gure mendebaldeko mundu honetan, antzina-antzinatik, kristautasunaren eragina kultura eta gizarte-esparru guztietara iritsi da, haren presentzia erabatekoa bihurtuz. Horri esker, guregana iritsi den ondarea, bai kantitateari nola kalitateari dagokionez neurtezina da. Agian, denetatik gehien nabarmentzen dena, arkitektura da. Baselizak, elizak, katedralak, bazter xumeenetatik hiri ederrenetara hedatuak aurkitzen dira.  Alabaina,  gaur egun, beren jatorrizko funtzioa hainbatek aldatuta dute, eta gero eta gutxiago dira zuten jatorrizko funtzioarekin jarraitzen dutenak, hau da gurtza eta otoitzerako tresna gisa sentitzen direnak.

Alargun tematiaren parabola batzuk deitzen dute gaurko Ebanjelioaren pasarte hau. Bere eskeman sinplea da: inoren beldurrik ez zuen epaile axolagabea, batetik, eta alargun saiatu eta nekaezin bat bere justizia eskakizunean inoiz nekatzen ez dena, bestetik. Dena bilduz, irakaspen garbi bat eskaintzen du: otoitzaren indarra eta balioa; hau da, zailtasunaren aurrean, otoitz tinkoa eta etengabea egin behar dela eta, ez uste arren, Jainkoak gure otoitzak beti adi entzuten dituela.

Ebanjelioaren pasarte honek bidea zabaltzen digu gure otoitzaren inguruan buelta bat emateko. Nola, zein egoeratan, zenbat aldiz otoitz egiten dudan. Eta, horrez gain, gure ingurutik aterata, munduan dauden beste behar eta injustizien kontra egiten al dut? Eta, gai naiz nire burua gaindituz eta ahantziz, beste guztientzat, Jainkoarekin batera, mundu bidezkoago bat eskatzeko?

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.