HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 11

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere: jan-edanean zebilen jendea eta ezkondu egiten ziren gizon-emakumeak, Noe ontzian sartu zen eguna arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen. Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, erosi eta saldu, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak; baina, Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen. Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere. Egun hartan, etxe gainean egon eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaitsi; eta, era berean, soroan dena ez bedi atzera itzuli. Oroitu Loten emazteaz. Bere bizia beretzat gorde nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du. Nik diotsuet: gau hartan bi lagun egongo dira ohe berean: bata hartuko dute eta bestea utzi; bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata hartuko dute eta bestea utzi». Ikasleek galdetu zioten: «Non izango da hori, Jauna?». Jesusek erantzun zien: «Sarraskia non, han bilduko dira putreak».

Lukas 17, 27-37.

Gizakiaren helburu nagusienetako bat, nagusiena ez bada, zoriontasuna lortzea da, eta haren bilaketan denbora, ahalegina eta baliabide material asko inbertitzen ditu. Emozioen munduarekin lotzen den egoera hori, mota askotakoa da eta, pertsonen arabera, aldakorra. Hala ere, mundu guztia horren atzetik dabil lortu nahian, eta bizia ere, bilaketa hori helburu bezala harturik, hortik bideratzen du.

Lukasen pasarte honetan, Testamentu Zaharreko bi historia Jesusen ahoan jartzen dira: uholdearena, Noeren eskutik eta Sodomaren suntsiketa, Lotenetik. Bietan, jendeari bere eguneroko bizitza egiten ari denean bat-batean aldatzen zaio, edo ustekabean galdu egiten du.   

Benetako zoriontasunera bideratu nahi gaitu Jesusek. Bizitza honetako zoriona bilatzera, eta garrantzitsuagoa den hurrengorako ere lortu behar dena. Ez da zaila jakitea nola iritsi behar den. Erakusten duena jarraiturik: maitatuz, lagunduz, barkatuz, zintzotasunez biziz, besteen zerbitzura jarriz… Hitz batez, bere ereduaren arabera jokatuz. Zergatik ez hasi frogatzen, astiro bada ere?

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.