HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 10

Aldi hartan, Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek Jesusi. Honek erantzun zien: «Jainkoaren erreinua ez da nabarmen etorriko. Ezin esango da: “Hona hemen” edota “hara han”; zeren Jainkoaren erreinua zuen artean baitago jadanik». Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko da garaia, Gizonaren Semea etorri osteko egun bat bederen ikusi nahi izango duzuena, eta ezin izango duzue ikusi. Orduan, “hona hemen”, “hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka. Izan ere, tximistak une batean zeru-alde batetik besteraino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean. Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du».

Lukas 17, 20-25.

Bizitza guztian, adinaren arabera, beti gertaera berezi bat noiz iritsiko den zain pasatzen dugu, eta zerbait hori lehenbailehen iristea nahi dugu. Batzuk, funtsezkoak dira, bizi-prozesuaren bilakaerarekin lotuta daude:  Ikasketak bukatzea, lan bat bilatzea, lanpostuan igotzea, jubilatzea. Gehienetan, bizitza arruntarekin lerrokatzen dira: lagunarteko bazkaria noiz egingo, udako oporren garaia noiz iritsiko, eta horrelakoak. Kontu hutsalak diruditen arren, askotan gure bizitzan antsietatea eta tentsioa sortarazten dute.

Bestelakoa zen pasarte honetan agertzen den arabera, fariseuak itxoiten ari zirena, Jainkoaren erreinuaren etorrera, alajaina! Ziurrenez, abarrots handiarekin esperoko zuten iritsiko zela. Alabaina, Jainkoa han, euren artean zegoela jadanik, izan zen Jesusen erantzuna.  Ene Jainkoa, ze desengainua sentituko zuten! Handia izan zen Jesusek eman zuen mezua, ordea. Bere hitzak interpretatuz, Jainkoaren onberatasuna eta maitasuna norberaren barruan bilatu behar direla guziei adierazi zigun, bere presentzia bakoitzaren barruan baitago.

Eguneroko arinkerietan gure burua nahasi gabe, gai al gara Ebanjelioak aurkezten digun erronkari erantzuteko? Jainkoari lekua egiten diot nigan gero eta hurbilago egon dadin?

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.